Kolektibo batzuk Bilbok etxebizitzaren esparruan bizi dauan egoerea salatzeko kontzentrazinoa egin dabe asteon

Arma zurien erabilerea debekatzeko eztabaidea mahai gainean dago eta emoten dau laster onartuko dala

Amaia Arregi: “Labana poltsikoan badaroazu, erabilteko aukerea dago”

Amaia Arregi, Bilboko jarduneko alkatea / Bizkaia Irratia

Bilboko aktualidadea aztertu dogu gaur Amaia Arregi jarduneko alkateagaz. Hasteko, segurtasun kontuak jorratu doguz. San Frantzisko auzoan arma zurien eta drogen inguruko operazinoa egin zan atzo arratsaldean. Hiru pertsona atxilotu ziran eta 43 identifikatu. Halanda be, Arregik eskatu dau San Frantzisko ez estigmatizatzea: “Auzoari buruz txarto egiten badogu berba, jendea ez da hurreratuko. Plangintza bereziak egin dogu auzokideekaz batera San Frantziskoren alde”. Arma zurien erabilerea debekatzeko eztabaidea be mahai gainean dago eta emoten dau laster onartuko dala. Jarduneko alkateak dino neurri eraginkorra izango dala: “Labana poltsikoan badaroazu, erabilteko aukerea dago. Beraz, neurria eraginkorra izan daiteke. Dana dala, epaiketa arinak be egin behar doguz”.

Asteon etxebizitza kontuak be emon dau zeresana. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren ebazpena onartu da eta bestetik, kolektibo batzuk Bilboko egoerea salatzeko kontzentrazinoa egin dabe. Arregik esan deuskunez, aurrerapausoak emoten dira esparru honetan, gai gatxa izan arren: “Arazo larria eta aspaldikoa da. Arauak daukaguz auziari aurre egiteko. Esaterako, alokairuen prezioei mugak ipintea euretariko bat da”. Kolektiboek emondako datuen arabera, metro kuadroaren prezioa 5.000 euro inguruan dago erosteko, alokairuak mila euro inguruan eta 9.000 etxebizitza huts uriburuan.

Erronkak

2026. urtearen lehen herena beteko da laster. Horren harira, hurrengo hilabeteetan protagonista izango diran kontuak zeintzuk izango diran aurreratu deusku Arregik: “Proiektu ugari daukaguz martxan. Laster, Champions Cup eta Challenge Cup errugbiko finalak jokatuko dira San Mamesen. Baina, gehiago dagoz: Zorrotzaurre, Artxanda, Casilla…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00