Ander bagilaren 22an hil zan, taserra erabilitako atxiloketa operazino baten

11.000 pertsona inguru batu ziran Santurtzin zapatuan, Justizia Anderrentzat plataformeak deituta

Amaiur Renteria: “Bermeak hartu behar dira Ander gehiagorik ez egoteko Euskal Herrian”

Jente piloa batu zan zapatuko manifestazinoan / Justizia Anderrentzat

Justizia Anderrentzat plataformeak deituta, 11.000 lagun inguru batu ziran Santurtzin astegoienean, Anderren kasua argitzeko eta erantzukizun penalak eskatzeko, besteak beste. Horren harira, Amaiur Renteria, Justizia Anderrentzat plataformako kidea, Bizkaia Irratian izan da gaur. Ander bagilaren 22an hil zan, taserra erabilitako atxiloketa operazino baten. Larri eroan eben ospitalera eta handik egun bira hil zan.

Harrezkero izan dira gorabeherak eta bertsino kontrajarriak. Hasieran bero kolpe baten ondorioz hil zala aitatzen zan. Dana dala, Justizia Anderrentzat plataformeak argitaratutako ondorengo bideo batek gertatutakoaren datu ugari emoten dau, tartean taserraren erabilerarena: “Santurtziko herria bera hasi zan ikertzen. Argitaratu genduan bideoan argi eta garbi ikusten da taserraren erabilerea zelan emon zan, larrialdi txostenean agertu ez arren”.

Ikerketari jagokonez, martxan da, baina prozesu luzea aurreikusten dabe: “Ikerketea instrukzino-fasean dago, ez dakigu zehazki noiz egingo dogun salto hurrengo fasera”. Esan dogunez, plataformatik salatzen dabe informazinoa falta dala larrialdi txostenean, tartean, taser pistolea erabili izanaren ganekoa. Renteriak argitu deuskunez, argi dauke euren helburua zein izango dan aurrerantzean: “Familiaren bidelagun izango gara. Ganera, garrantzitsua da gaia kalean lantzea, egiten gabilzan moduan. Bitartean, Ander poliziaren indarkeriaren biktimatzat hartzea gurako geunke. Horren harira, bermeak hartu behar dira Ander gehiagorik ez egoteko Euskal Herrian“.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00