Haritz Mujikaren taldea sailkapeneko lehenengo postuan dago ligea amaitzeko bost jardunaldi geratzen diranean

Jon Larrea, taldeko presidenteak dino Calahorraren aurkako hurrengo partidua baino ez daukala buruan

Amorebieta, Bigarren Mailara itzultzeko bidean

Amorebieta futbol taldea jaitsi egin zan bigarren mailatik 21-22 denporaldian. Jon Larreak zuzentzen dauen taldeak plantila barria osatu behar izan eban hurrengo denporaldian 1 RFEF lgan jokatzeko. Izan be, Unai Marino atezaina eta Iker Seguin erdilaria kenduta, plantilako ganerako jokalari guztiak denporaldi honetan iritsi dira Zornotzako taldera. Amorebietak ez eutson hasiera ona emon denporaldiari eta zalantzak sortu ziran Haritz Mujikaren taldearen inguruan. Taldeko arduradunek, ostera, berretsi egin eben proiektu barriaren aldeko apostua. Sailkapeneko azken postuan egon ostean, Amorebieta partiduak irabazten hasi zan lider ipini arte liga amaitzeko bost jardunaldi geratzen diranean. Murtzia eta Tarragonako Nasticen aurka jokatuko dabe Urritxen eta Calahorra, SD Logroñes eta Bilbao Athleticen aurka etxetik kanpo. Esan beharrik ez dago itzela izango litzatekeela bigarren mailara itzultzea, handik jaitsi zanetik urte betera.

Jon Larrea, SD Amorebietako presidenteagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean, taldeak bizi dauen egoeraren ganean. Larrea oso pozik agertu da taldea egiten dabilen denporaldiagaz baina ez dau urrunegi begiratu gura, bigarren mailara itzultzeko aukerea esku-eskuan daukiela jakin arren. “Hurrengo jardunaldiko partidua baino ez daukat buruan” esan deusku Larreak. SD Amorebietak autobusak jarri ditu zaleak Calahorraren aurkako partidura eroateko. Urdinak bardinduta dagoz sailkapeneko lehen postuan, Eldense taldeagaz bardinduta. Liga amaituta puntuetan bardinduta egon ezkero, bizkaitarrak geratuko lirateke txapeldun gol-average dalakoa alde daukielako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00