Nekazarien eta abeltzainen aldarrikapenakaz bat egiten dau Sumar alderdiak. Nekazarien aldarrikapenak justoak dira eta euren eskubideen alde egingo dabe Europan. Inportazinoko produktuen ganeko kontrol handiagoa izatea eta bertoko produktuei lehentasuna emotea eskatzen deutse nekazariek agintariei. “Itun berdea eta Agenda 2030a nekazariei laguntzeko dagoz. Eskumako alderdiek adostasun berde hau kriminalizau gura dabe. Gu PAC laguntzen erreformearen alde gagoz, gazte nekazariei laguntza gehiago emon behar jakez” zehaztu dau Andeka Larreak Sumar mogimenduko hautagaiak Goizeko Izarretan irratsaioan.
Lanaldiak eta zergak
“Badaroaguz hamarkada batzuk 40 orduko lanaldiagaz, 32,5 ordukoa lortzea posible da. Atzean dagozan enpresen eta multinazionalen interesak ezagutzen doguz baina gure politikea beharginen aldekoa da eta euren lan baldintzak babestu gura doguz” azaldu dau Larreak. Bestalde Sumarrek Europako aberatsen ondasun handiei %2ko zergea ezartea proposatu dau. “Ez da justoa Euskal Herrian guk gure zergak ordaintzea eta Europako leku batzutan paradisu fiskalak egotea” zehaztu dau politikari bizkaitarrak.
Gaza
Israelgo ejerzitoak NBEko eskola baten kontra egindako bonbardaketa baten ondorioz gitxienez 43 pertsona hil dira azken orduetan. Sumarrek Pedro Sanchezi Israelen kontrako neurriak gogortzeko eskatu deutso besteak beste Israelegaz hartuemon guztiak etetea exigiduta.