Euskaltzaindia Diputaduen Kongresuan egongo da aste honetan

Udagoienean Euskaltzaindian hauteskundeak egingo dabez

Andres Urrutia: “Gizartea aldatzen doan heinean, Euskaltzaindia be bai”

Andres Urrutia / Bizkaia Irratia

“Gizartea aldatzen doan heinean, Euskaltzaindia be bai” esan deusku gaur Euskaltzaindiko buruak Goizeko Izarretan saioan. Orain urte batzuk irizpidea aldatu eban Euskaltzaindiak eta izen neutroak onartzen hasi zan. Pertsona izendegia zabalduz doa urterik urte eta aurrerantzean akademiak gero eta izen neutro gehiago onartuko dauzela esan dau. Izen gehienek emakume-gizon banaketea daukie, baina gizartea aldatzen doala ikusita, Euskaltaltzaindia gizarteagaz bat eginda doala esan deusku goizean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Andres Urrutiak laster 20 urte beteko dauz euskaltzainburu. Udagoien honetan akademian hauteskundeak egingo dabez. “Etorkizunean ez dakit presidente lez edo euskaltzain oso lez arituko nazen, hori euskaltzainek erabagi beharko dabe. Dakidana da Euskaltzaindian laguntzen ibiliko nazela” azaldu dau Andres Urrutiak.

Europako Kontseiluak Espainiako hizkuntza gitxituen inguruko seigarren txostena argitaratu dau. Euskadin, espainiar estaduaren eskumenekoak diran administrazino bulegoetan, funtzionarioen %11 baino gitxiagok dauko euskeraz lan egiteko ahalmena. “Espainiako estaduak hainbat ahalmen daukaz euskerearen lurraldeetan eta horreek euskerearen bitartez bideratzeko asko falta da” esan dau Urrutiak. Madrilen, Diputaduen Kongresuan asteon hizkuntza koofizialen ganean berba egiteko topaketea egingo dabe eta Euskaltzaindiako buruak, Andres Urrutiak parte hartuko dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00