'Erromeriak' izeneko diskoa kaleratu dau Kepa Junkerak

40 emakume pandero jole baino gehiagok parte hartu dabe diskoan, tartean, Ane Gonzalezek

Ane Gonzalez: “Kepa Junkeragaz lan egitea ikasketa bat da, asko ikasten dozu bere ondoan”

Bizkaia Irratia / Bizkaia Irratia

2018.urtetik diskorik kaleratu barik egon ostean, Kepa Junkerak asteon aurkeztu dau Erromeriak disko barria. Emakume pandero joleak omendu dauz lan barrian. Euskal Herri, Kantabria, Asturias, Galizia, Leon, Valladolid eta Portugaleko 40 emakume pandero jole baino gehiagok hartu dabe parte. Tartean, Ane Gonzalezek.

Ane Gonzalez Sorginak taldeko kidea izan zan. Emakume talde honek Kepa Junkeraren Trikitixaren historia txiki bat (2014) eta Maletak (2016) diskoetan hartu eban parte, euren abotsakaz eta panderoakaz. Orain Ane Gonzalezek Erromeriak disko barrian parte hartu dau musikari moduan. Hortaz ganera, koordinazino musikalaz be arduratu da. Bere lana peninsula osoko pandero joleakaz berba egitea izan da, Kepak buruan eukana emakume honeei plazaratzea. Gonzalezek azaldu deuskunez, Santutxuko musikariagaz lan egitea ikasketa bat da. “Kepak asko daki, bada persona exijente bat baina asko ikasten dozu bere ondoan”.

2018an izan eban iktusa Junkerak Belgikan. Izegem, Brusela eta Anberes urietan kontzertu bana eskaintzera joan zan Bilboko musikaria, eta ordutik hona diskorik kaleratu barik egon da. Igaz Berpiztu dokumentala aurkeztu eban, eta baita bere obra osoa barrikusten dauan liburu bat be.

Hamabost abestiko lana da Erromeriak. Kantuetako zortzi 2018a baino lehen sortu ebazan musikariak. Honeekaz batera, Keparentzat bereziak diran beste zazpi grabazino entzun daitezke, beren beregi proiektu honetarako moldatuak izan diranak. Panderoa da nagusi abesti gustietan. Diskoaren hitzaurrean azaltzen dauanez, “tresna sinplea baina, aldi berean, konplexua, indarrez eta gozotasunez betea, antzinako bizi-premia baten emaitza”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular