Anesvad hasita dago eredua aldatzen

Osasunaren arloko nazinoarteko laguntzaren krisiaren aurrean, ikuspegi barritzailea behar da erakundearentzat

Anesvad: “Finantzaketa-eredu dibertsifikatua eta aliantza multilateralak behar dira”

Anesvad alkartea / Bizkaia Irratia

Anesvad fundazinotik, finantziazino arloko alternatibak bilatu beharra azpimarratu dabe, osasun arloko nazinoarteko laguntzen krisiaren aurrean. AEBk, Alemaniak edo Erresuma Batuak, Osasunaren Munduko Erakundeari edo antzeko erakundeei emoten deutsen laguntzea murriztea erabagi dabe. Honek eragin zuzena izango dau hainbat herrialdeetan, garapen bidean diranetan batez be. Anesvad fundazinoak, finantzaketa-eredu dibertsifikatua eta aliantza multilateralak bultzatu beharra azpimarratu dau. Gaur eguneko ereduak ezin dauala jarraitu esan deusku gaur Fernando Alvarezek, Anesvadeko hezkuntza eta komunikazino zuzendariak. Dibertsifikazinoan oinarritutako finantzaketa-eredua garatu dau Anesvad fundazinoak berak. Ikuspegi barritzailea behar dala azpimarratu dau Alvarezek.

Anesvad lanean 1968. urtetik

Anesvad erakundea Bilbon eratu zan 1968. urtean. Ordutik, artatu gabeko gaixotasun tropikalen kontrako burrukan jarraitzen dau lanean. Kaltetutako herrialdeetako osasun-sistema publikoak indartzen ibilten da batez be. Multilateralismoaz aritzean, erakunde honek Osasunaren Munduko Erakundeagaz daukan lankidetza jartzen dabe adibide modura. Harreman horreri esker, maiatzean, larruazaleko gaixotasunen ganeko ebazpena onartu zan. Anesvadek ikerketa proiektuak babesten dauz, ikerketa-zentro eta unibertsidade nagusiakaz lankidetzan. Fernando Alvarez ez da oso baikor agertzen etorkizunera begira. Herrialde gehiagok murrizketak egin leikiezala uste da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00