Igor Elortzak eta Rafa Ruedak jarraipena emon deutse Anonyme Popular taldeari Inor izeneko disko-liburuagaz. Orain urte bi ta erdi kaleratu eben lehenengo lana. 40 emonaldi inguru be eskeini ebezan. Rafa Ruedak gogoratu dauanez, Igorren ideia batetik abiatu zan Anonyme Popular taldea. Hitza eta ahotsa dira taldearen ardatz. Ahozko kultura garaikidea lantzen dauan talde-egitasmoa da eurena. Egunerokoaz idazten dau Igor Elortzak. Dino, bigarren lan honetan, giro bat nagusitzen dala. Musikeari jagokonez, askotarikoak dira erritmoak; hip hop, funk zein pop ikutua daukie Inor laneko bederatzi piezek. Matxalen Erzilla ari da eurekaz batera oraingoan, txeloan, teklatuetan, eta ahotsa jartzen. Jose Lastrak egindako soinu-ekoizpena be azpimarratu behar da. Bigarren honetan, Aiora Renteria, Juantxo Arakama, Imanol Garaizabal, Gotzon Garaizabal eta Jon Rodriguezen parte hartzea be nabarmendu behar da.
Zuzenekoak
Zuzenekoetan bertsoak, musikea eta ikus-entzunezkoak buztartzen dabez. Gogoratu daigun spoken wordean zein kantuan dabiltzala lanean, hitzen arabera aukeratuz erritmoak. Zuzeneko emonaldiak urtarriletik aurrera eskeiniko dabez. Lehenengoa Elorrion izango da urtarrilaren 22an. Oñatin (urtarrilak 31), Iruñean (zezeilean, eguna jartzeko daukie oraindino), Hernanin (zezeilak 18), Tolosan (zezeilak 26), Aretxabaletan (martiak 12), Bilbon (martiak 21, Loraldian), Laudion (apirila edo maiatzean, zehazteko) eta Durangon (maiatzak 15) daukiez hurrengo saioak maiatzera bitartean. Udan atsedena hartu eta datorren urteko irailetik aurrera be, emonaldiak eskaintzea da euren asmoa. Durangoko Azokan be izango dira Anonyme Popular taldearen lan barria eskaintzen.
