APNABI Autismo Bizkaiak 1.500 lagun batu gura dauz Autismoa martxan! ekimenaren edizino barri honetan; aurten, apirilaren 2ko Autismoaren Nazinoarteko Egunaren harira antolatutako jardueren barruan egingo da Santurtzin martxa solidarioa. Ainhoa Basarrate APNABI Bizkaia alkarteko komunikazino arduradunak azaldu deuskunez, hitzordua apirilaren 19an izango da, 10:30ean, eta ekimenaren helburu nagusia autismoaren errealidadea ikusarazotea eta, aldi berean, alkartearen jarduerarako dirua batzea da. Martxa honek, ganera, 2026ko Autismoaren Munduko Eguneko egitarauari amaierea emongo deutso.
Ekitaldia Santurtziko Arrantza Portutik urtengo da, eta 3,5 kilometroko ibilbide irisgarri baten ostean Las Viñas ikastetxean amaituko da, giro ludiko eta familiarrean. Parte-hartzaileek, izen-emoteagaz batera, elastiko oroigarri bat eta hamaiketakoa jasoko dabe. Aurten be, Santurtziko Udalaren eta Laboral Kutxaren lankidetzeari esker antolatu da ekimena, eta helburua da autismoa daukien pertsonen inklusinoa sustatzea eta gizartearen inplikazinoa indartzea.
APNABIren jardunak presentzia handia dauka eskualdean: Santurtzin 120 laguni emoten deutsee arretea, gehienak adin txikikoak (%60), eta Ezkerralde osoan 500 pertsona baino gehiago dagoz alkartearen barruan. Datu honeek erakusten dabe zerbitzu espezializauen beharra eta sentsibilizazino ekimenen garrantzia, gizarte justuago eta inklusiboago baten alde aurrera egiteko.
