Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko diputaduagaz izan gara Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean. Esan deuskunez, gaurko egunaren garrantzia azpimarratu ostean, 251 postu egongo dira-eta, Bizkaiko 1.000 bat nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategik lehortearen ondorioetarako laguntzak jasoko dabez, milioi bi euroko plan baten barruan: “Eguaztenean jakingo da ustiategi bakotxari jagokon dirulaguntza zenbatekoa dan. Helburua sufridutako kalteak murriztea da”. Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak ustiategien modernizazinoaren alde be egin dau azken urteetan: “Inbertsinoa garrantzitsua dala argi daukagu, eta inbertsino horren lan-ildo bat modernizazinoarena da: robotak, artzain digitala, etab.”.
Bitartean, urriaren 15ean izandako Landa Eremuko Emakumeen Eguna Durangon ospatu dabe hileon, 14 argazki historiko dituan erakusketa baten bidez: “Lana, Lurra, Bizitza erakusketa egin dogu, geure arbasoen bizimodua eta emakumearen papera zelakoak izan ziran jakiteko asmoz”. Horren harira, sektoreko emakumezko agenteekaz dauken hartuemona iraunkorra dala esan deusku Atutxak: “Lurraldeko emakume baserritarrekaz daukaguzan lan-mahaietan bizi-kalidadeagaz lotura dauken kontuak agertzen dira gehienetan: kontziliazinoa, landa-eremuak eragindako eragozpenak, emakumezkoen paper publikoaren garrantzia…”.
