Zapatu honetan, maiatzaren 16an, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko dabe Otxandion. UEMAk urte birik behin antolatzen dau hitzordua, udalerri euskaldunen ekarpena balioan ipinteko eta arnasguneek gaur egun daukien egoeraren inguruan hausnartzeko. Martin Aramendi UEMAko lehendakariak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, aurten be jaia eta aldarria batuko dauz egun berezi honek.

Aramendik gogorarazo dau hizkuntza baten biziraupenerako ezinbestekoak dirala arnasguneak, hau dau, euskerea nagusi dan eremuak. Hain zuzen be, egoerea “kezkagarria” dala adierazo dau, azken datu soziolinguistikoek alarma gorriak piztu dauazala esanez. UEMAko lehendakariaren berbetan, danak bere horretan jarraitzen badau, 2036. urterako arnasguneak desagertzeko arriskua dago. Horren aurrean, UEMAk Lurralde Estrategia eta Esnatu dinamikea aurkeztu dauz oraintsu. Ildo horretan, zapatuan, Udalerri Euskaldunen Egunaren barruan, hamar neurri urgente aurkeztuko dabezala iragarri dau. Aramendiren esanetan, “berehala hartu daitekezan neurriak” dira, eta egoerak preminaz jarduteko behartzen dauala uste dabe.
Otxandion egingo dan ospakizunean, UEMAk Batzar Nagusia egingo dau eta bertan Nafarroako Elgorriaga udalerria mankomunidadeko kide lez onartzea aurreikusten dabe. Gaur egun UEMAk 120 udalerri batzen dauz, eta 350.000 biztanle inguruko lurgunea ordezkatzen dau.
Martin Aramendik eskerrak emon deutse Otxandioko Udalari eta herriko eragileei, Udalerri Euskaldunen Egunaren antolakuntzan erakutsitako inplikazinoagaitik. “Oso erraz jarri deuskue dana”, adierazo dau. Otxandion bertan prestau daben 7 harri, 7 herri abestia be nabarmendu dau. Azkenik, herritar guztiak maiatzaren 16an Otxandiora joatea konbidatuz dauz: “egun polita izango da, jai eguna eta aldarrikapena batera bizitzeko”.
