Gaur iragarri barri da Olabeagako Renferen trenbidea lurperatzeko proiekturako akordua sinatu dabela Bilboko udalak eta Espainiako Gobernuak. Bilboko udalak kostu osoaren (88,5 milioi euro) zati bat 18,8 milioi euro ordainduko leukez. Zorrotzako FEVEren trenbidea lurperatzeko proiektuaz galdetuta Bilboko udaleko herri lanerako zinegotziak, Asier Abaunzak, Goizeko Izarretan irratsaioan esan deusku atzerapenagaz datorrela eta gai horretan Garraio Ministeritzaren gainean dagozala. “Ingurumen eraginaren txostena onartu da, udalak dirua ipinten dau baina ministeritzak landu beharreko proiektua da. Orain eraikuntza proiektua kontratatzea eta lanak esleitzea geratzen da. Epeak gehiago luzatu ez daitezan ministeritzaren gainean egongo gara” zehaztu dau Abaunzak.
Zorrotzaurre gaur egun
Uhartearen iparraldeko eta hegoaldeko ertzetan udalak kontratautako azpikontratak lanean dabilz. Iparraldeko kale barriak amaitzeko ñabardura batzuk baino ez dira falta eta hegoaldeko kaleak gabonetarako bukatuta egongo dira. “Bi zonaldetan etxebizitza blokeak altxetan dabilz eta aurton Deustuko Erriberara begira dagoan uharteko zonaldean etxe barriak eregiteko enpresen eskaerak jasoko doguz” aitatu dau Abaunzak. Iparraldeko eta hegoaldeko ertzak lotuko dauzen pasealekuaren eta parkeen obrak urte amaieran hasiko dirala gaineratu dau politikari bizkaitarrak.
Emisino Gitxiko Eremua
Bilbon emisino gitxiko eremuari buruzko informazino bulegoa zabalik dago. Erripa kaleko zazpigarren zenbakian dago bulegoa. Datorren hilean, hilaren 15ean, indarrean jarriko dan araudiaren ganeko informazinoa emongo dabe bulego horretan. Bilboko erdigunean trafikoa murriztuko da araudi barriagaz, baina 2029rarte salbuespenak izango dira, herritarrak moldatzen joan daitezan. “Bilbotarrentzako onura ekarriko dauen proiektua da, erdigunean daukagun kutsadura maila murrizteko aukerea emongo deuskulako” aitatu dau Abaunzak.
Artxandako aisialdirako parkeaz eta Abandoko tren geltoki barriak eragingo dauzen aldaketei buruz be berba egin dogu Asier Abaunzagaz. Aurton zinegotzi lez bere bostgarren legegintzaldiari ekingo deutso.