Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzen da gaur, maiatzaren 18an, eta geu batzuetan sartu gara Goizeko Izarretan irratsaioan. Gitxienez sei museo eta areto bi batzen dira Bizkaiko Foru Aldundiaren BizkaiKOA sarean, eta astegoienean ospakizun giroan ibili dira Bizkaiko museoak. Bisita itzazu, Bisita zaitez goiburupean. Asier Madarieta sare horretako arduradunak esan deuskunez, giro positiboa nagusitu da astegoienean: “Datuak batzen gabilz oindino, baina giroa ona izan da. Guggenheim inguruan ekitaldia egin genduan Bilbon eta jendea gustora egon zan”. Ganera, aurtengo leloagaz azaldu gura ebena zer dan kontatu deusku: “Azken finean, gure museoek nortzuk garen erakusten dabe”.
MusEkintza jaialdia be egiten dabe BizkaiKOAkoek. MusEkintza jaialdiak diziplina artistiko desbardinetako ikuskizunak eskaintzen ditu eszenatoki berezietan: “Beste era bateko publikoarengana hurbiltzen gara MusEkintza jaialdian. Lekuak eta arte eszenikoak batzen doguz”. Hurrengo ekitaldia zapatu honetan bertan izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Arrain Azokaren baitan. Izan be, Ai gure juaneteak! antzezlana egongo da ikusgai, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Bestalde, Euskerearen Etxeak jaso eban igaz Europako Kontseiluaren 2025eko Museo saria. Aitamen garrantzitsua, duda barik, Europa mailakoa gainera. Horren harira, Europako Museoen sariketea, EMYA, berton egingo da aurton. BizkaiKOAk antolakuntzan laguntzen dau: “Oso garrantzitsua da Bizkaian dagoan museo batek holako saria irabaztea, are gehiago euskerari buruzko museoa izanda”. Kongresua bagilaren 10etik 14ra egingo da eta 300 bat ordezkari bertaratuko dira.
