Asier Urbieta zuzendari errenteriarraren lehenengo film luzea da

'Faisaien irla' pelikulea asteburuan iritsiko da zine aretoetara

Asier Urbieta: “Errealidadea eta fikzinoa nahastu dira errodajean”

Nicolás de Assas / 'Faisaien irla'

Asier Urbieta zuzendari errenteriarraren lehenengo film luzea, Faisaien irla, apirilaren 25ean iritsiko da zine aretoetara. Jone Laspiur eta Sambo Diaby protagonista daukazan thrillerra da Faisaien irla, eta antzezle taldean dagoz baita Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea be. Gidoia Asier Urbietak berak idatzi dau, Andoni de Carlos-egaz batera. Azken honek Goya saria irabazi eban Handia lanagatik.

Asier Urbieta zuzendariak eta aktore protagonistek, Jone Laspiurrek eta Sambou Diabyk, filmearen gakoak azaldu dabez Lau Haizetara saioan. Götenborgeko Nazinoarteko Zinemaldian estreinau ostean, Malagako eta Bartzelonako zinema-jaialdietatik igaro da pelikulea, eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia be inaugurau eban. Urbietak adierazo dauanez, filmearen harrera oso beroa izan da, publikoaren artean jakin-mina piztu daualako Faisaien irla moduko kokaleku ezezagun baina esanguratsuak. Izan be, ibaian dagoan irla hau sei hilabetez Frantziaren menpe eta beste sei hilabetez Espainiaren esku egoten da. Munduko kondominio txikiena da.

Faisaien irla filmeak oinarri sendo bat dauka errealidadean: migratzaileek bizi daben egoerea, muga gurutzatzeko arriskua, eta tragedia isilduak. Urbietak gogoratu dauanez, azken hamarkadan hamar pertsona baino gehiago hil dira Bidasoan zehar igarotzen saiatzean. “Fikzinoa eraikitzeko prozesua luzea eta arduratsua izan da, baina beharrezkoa, errealitate hau emozionalki jorratu eta publikoari helarazteko”, adierazo dau zuzendariak.

Filmean, Jone Laspiurrek eta Sambou Diabyk bikote baten rola jokatzen dabe, eta ustekabeko gertaera batek euren harremana eta kontzientzia moralak kolokan jartzen dauz. Errodajea Irunen eta Faisaien irlaren inguruan egin dabe, eta Urbietaren berbetan, “errealidadea eta fikzinoa nahastu dira sarri“. Laspiurrek eta Diabyk adierazo dabe aktore lana “oso erreala” bihurtu jakela, egoeraren larritasuna bertatik bertara bizi izan ebelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00