Omenaldia eskainiko deutse zapatu honetan Iurretan Juan Mari Areitio bertsolariari. Durangaldeko bertso eskoleak antolatu dau Abadiñoko bertsolariaren aldeko omenaldia. Juan Mari Areitio Iurretan bizi da, baina izatez Abadiñokoa da. Gazte zala, bere kabuz hasi zan bertsotan. Kantetea gustokoa ebala esan deusku. Irratitik entzun ebazan lehenengoz Txirrita, Uztapide, Basarri edo Lasarte. 18 urte eukazala eskeini eban jenteaurreko lehenengo saioa Abadiñon. Etxebizitza barri batzuen bedeinkazino ekitaldian izan zan. Juan Mari Areitio hirutan aritu zan Bertsolari Txapelketa Nagusian 80ko hamarkadan. Bizkaiko Txapelketan be aritu zan, eta kasu honetan birritan heldu zan finalera. Txapelketetarako bere kabuz prestatzen zala azaldu deusku. Gaur eguneko bertsolariak oso ondo prestatuta ikusten dauz. Eurak entzunda, ikaratuta geratzen dala dino. Gogoan dauka, bestalde, Durangoko Bertso Eskolea sortu zanekoa. Bera be ibili zan orduan bertan. Bertsolaritzeak gauza asko emon deutsoz, lagun asko eta txalo asko, besteak beste.
Egitaraua
Zapatuan, Iurretan, Alaitz Areitio bere alabea be arituko da bertsotan. Alabea ikusita, poza sentitzen dauala dino Areitiok. 12:30ean hasiko da bertso saioa. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Amuriza izango dira bertan. Gorka Valdes & Hektor Folk taldea be arituko da. Iurretako plazan izango da bertso saioa. Ostean, bazkaria Montosten. Bazkarirako Iurretako Gau Argi tabernan emon behar da izena.
