Jose Andres Etxebarria Begoñako Anaidiko kideak Bilboko Aste Santuan ospatzen diran prozesinoan garrantzia azpimarratu dau, bai ikuspegi erlijiosoari jagokonez, bai ikuspegi kultural eta historikotik be. Bere esanetan, “Aste Santua zita erlijioso bat da, baina horrek ez dau eragozten ikuspegi kultural eta historiko batetik ikustea be”, eta horrek azaltzen dau zergaitik urtero gero eta jente gehiago batzen dan ekitaldi honeetara.
Prozesinoen artean, Bariku Santuko goizaldeko Isiltasunaren prozesinoa nabarmendu dau, goizeko 05:30ean egiten dana, eta jente asko erakarten dauena. Etxebarriaren ustez, horrelako ekitaldiek tradizinoaren eta fede transmisinoaren balioa erakusten dabe, izan be, askotan sinismena aitita-amamatik txikitxuei pasetan jake. Bestalde, azpimarratu dau Euskal Herriko Aste Santuko bizipenak badaukala berezko izaerea, beste leku batzuetan, esaterako Andaluzian, gertatzen danetik desbardina. “Han ez bezala, guk ez deutsagu ‘guapa’ esaten Ama Birjinari; beste modu baten maite dogu”, azaldu dau, hemengo sentiberatasun eta adierazpen propioa azpimarratuz.
