Jauzi Ekosozialak Loiuko aireportuaren bidaiari errekorra salatu dau

Ekologistek hegaldi kopurua murrizteko eta diru publikoa trena eta autobusa hobetzera bideratzeko eskatu dabe

“Astebete Tailandiara joan beharrean, turismoa Nafarroan edo Euskal Herrian egin daiteke”

Loiuko aireportua / Bizkaia Irratia

Garagarrilean Loiuko aireportuak 800.000 bidaiariren langa gainditu izanak agerian ixten dau hegazkin bidezko garraioaren hazkundea ez dala eten, Jauzi Ekosozialaren arabera. Talde ekologistak gogor kritikatu dau errekor hori, batez be erregistratutako udarik beroenetako baten gertatu dalako, eta erakunde publikoei eskatu deutsie hegazkinaren erabilerea sustatzeari itxi eta garraio eredu jasangarriagoen aldeko apustua egiteko.

“Hegazkinaren erabilerea handitzen gagozan bitartean, klima larrialdiari aurre egiteko behar doguzan emisioen murrizketak gero eta gatxagoak izango dira”, adierazo dau Hodei Rodriguezek, Jauzi Ekosozialeko kideak. Bere esanetan, gainera, hegazkinaren emisioen eragina ez da ingurumenaren eremura mugatzen, aireportuaren inguruko herritarren osasunean be eragina daukalako, zaratak lo arazoak eta estresa eragin leikiezalako eta airearen kutsadurak arnas sistemari kalte egin leikion.

Jauzi Ekosozialak, beraz, hegaldi kopurua murrizteko neurriak hartzea eta diru publikoa trena eta autobusa hobetzera bideratzea eskatu dau. “Ez dogu uste Loiuko aireportuaren handitzea aurrerapenaren sinonimoa danik; benetako erronkea garraio publiko eraginkor eta eskuragarria bermatzea da“, azpimarratu dau Rodriguezek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00