
Leioa Animalien Tratu Txarren Aurkako alkarteak Teresa Gamonal adituaren albaitaritza eta etologia txostena argitaratu dau, astoekaz harria arrastatzeko probetan gertatzen dan animalien sufrimendua azalduz. Ikerketak ondorioztatu dauanez, animaliei ezartzen jaken zigor fisikoa eta neurrigabeko ahalegina ez dira bateragarriak euren ongizateagaz. Horren ganean berba egin dogu Ruben Belandia Leioa Animaliekiko Tratu Txarren Aurkako alkarteko bozeroaleagaz Goizeko Izarretan irratsaioan.
Gamonalek Leioako asto probetako 54 bideo aztertu ditu bere ikerketan. Astoetan behar ez dan sufrimendua eragiten daben faktore anitzak identifikatu ditu adituak: muturreko esfortzua, minaren eta estresaren zantzuak, eta zigor fisiko eta psikologikoak. Bestalde, Gamonalek txostenean dinoenez, 17/2001 Legeak animaliak izaki sentikortzat hartzen ditu. Bestalde, Animalien Osasunaren Munduko Erakundeak animaliei sufrimendua eragiten deutseen jarduerak ekiditea gomendatzen dau. Beraz, alkartetik asto probak debekatu behar dirala uste dabe eta horretarako sinadurak batzen hasi dira.