Orain dala hainbat hilabete, Frantziako Vincent Galland ontziak hegaluze ale bat harrapatu eban Irlandako hegoaldean. Arrainak 85 cm neurtzen eban, 11,6 kiloko pisua eban eta… sorpresa bat gordetzen eban. Bere erraietan marka elektronikoa eukan ezkutatuta, miaketarako gailu txiki bat, urte bi lehenago Iñigo Onandia itsas ikertzaileak bere aita Romanen ontzian jarri ebana, Bilboko Abratik 12 milia iparraldera. Aleak 70 zentimetro ebazan orduan, eta 7 kilogramo inguru pisatzen eban. Behin marka berreskuratuta, AZTIren laborategietara bialdu eben, eta han ikertzaileek beste sorpresa bat izan eben: lehenengo aldiz, hegaluze gazte baten migrazino ibilbidea erregistratuta geratu zan bi urtez jarraian.
“Atlantikoko hegaluze baten marka elektroniko bat sartu eta urtebete baino gehiago geroago berreskuratu ahal izan dan lehen kasua da. Honeri esker, espezieari buruz ezezaguna jakun informazinoa dogu eskura. Bagenekien udazkenean eta udaberrian desagertzen zala, baina ez non hibernatzen eban”, azaldu dau Iñigo Onandia AZTIko arrantza kudeaketa jasangarriko adituak. Erabilitako marka elektronikoak hainbat aldagai neurtzeko aukera emoten dau, arraina zein sakoneratan mugitzen dan, tenperaturea (urarena eta atunaren barrukoa) eta argiaren intentsitatea. Holan, zentro teknologikoko adituek alearen migrazino-ibilbidea kalkulatu leikie, markatu zanetik. Jasotako datuek agerian itxiten dabe, adibidez, hegaluze gazteek Bizkaiko golkora etorri direla hainbat udatan jarraian, eta hibernatzeko helmuga erakusten dabe, eta horrek atun zuriaren bizi zikloari buruzko ezagutza zientifikoa handitzen laguntzen dau.