Urrian egingo da 11. Baffest jaialdia

Emakume argazkilariek maiatzaren 24ra bitartean aurkeztu leikiez lanak

Baffest jaialdiak argazki lehiaketea jarri dau abian

Baffest jaialdiaren argazki lehiaketea / Baffest jaialdia

Abian da Baffest jaialdiaren hamaikagarren edizinoko argazki lehiaketea. Emakume argazkilarien jaialdia da Baffest. Urrian egingo da hamaikagarrenez Barakaldon eta lehiaketara lanak aurkeztu daitekez maiatzaren 24ra bitartean. Esan behar, igaz 250 lan baino gehiago aurkeztu zirala, inoiz baino gehiago. Gogoratu behar da lehiaketa hau, Baffest jaialdiaren ardatz nagusia dala. Onintze Garcia komunikazino arduradunak gogoratu dauanez, emakume argazkilarien lana ikusaraztea da helburu nagusia. Aurten be kategoria bi dagoz lehiaketan, Euskal Herrikoa eta Estadukoa. 18 urtetik gorako emakume argazkilariek hartu leikie parte. Gaia librea da eta gehienez 10 irudi aurkeztu daitekez. Informazino guztia eta izena emoteko baldintzak web orrian dagoz. Carmen Dalmau, Maria Azkarate eta Rocio Bueno dira epaimahaia osotzen dabenak. Honeek 9 finalista aukeratuko dabez eta argazkilariek, Baffest jaialdiaren egun handian, Argazki egunean, urrian, euren hautagaitza defendatuko dabe publikoaren aurrean.

Erakusketea eta kartela

Aurtengo jaialdian ikusi ahal izango dan erakusketa baten barri be emon dabe. Osakidetzagaz alkarlanean eskeiniko da. Ainhoa Perez Olaeta da egilea eta ostomizatutako pazienteen irudi bilduma agertzen da bertan. Galdakaoko Ospitaleko ESItik datorren ekimena da, bertan dago orain ikusgai. Erakusketa hau, Musika Konserbatorioan egongo da ikusgai urrian. Baffest jaialdiak, bestalde, Sara Prieto diseinatzaile grafiko barakaldarrak egindako irudia aurkeztu dau. Eulalia Abaituaren argazki historiko baten oinarritutako ilustrazinoa da nagusi bertan. Prietok gaur egunera ekarri dau orduko irudia. Baffest jaialdiari esker, Barakaldoko kaleak, museo bihurtuko dira beste behin datorren urrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00