Klubak jarraian lortzen dauan bigarren igoerea da aurtengoa

Urki Txoperena jokalariagaz egin dogu berba talde bizkaitarrak berretsitako lorpenaren inguruan

Barakaldo Lehen Federazinoan izango da hurrengo denboraldian

Barakaldo igoerea ospatzen Herriko Plazan / Barakaldo CF

Barakaldok Lehen Federazinoan jokatuko dau 2024-2025 denboraldian. Talde bizkaitarrak Bigarren Federazinoari agur esan deutso, Orihuelaren kontrako kanporaketan aurrera egin eta gero. Ezkerraldeko klubak jarraian lortzen dauan bigarren igoerea da. Beraz, bolada paregabean dago Barakaldo.

Berretsitako lorpenaren inguruan Urki Txoperena Lesakan jaiotako jokalari nafarragaz egin dogu berba. Txoperena Hirugarren Federazinoan heldu zan taldera eta aitatutako denboraldi arrakastatsuak bizi izan ditu. Ondorioz, “oso pozik” agertu da, aurtengo denboraldian hilabete bi taldetik kanpo egon arren lesino bat dala-eta.

Barakaldoren denboraldia, arrakastatsua izan arren, ez da erraza izan. Izan be, ligan jokatutako 34 partiduetatik bi besterik ez ditu galdu Barakaldok. Halanda be, Bilbao Athleticek erakutsitako bolada ona dala eta, ez dau igoerea zuzena lortu. Edozelan be, playoffean nagusi izan da.

Aitatutako playoffean Barakaldok kanporaketa bi jokatu ditu. Lehenengoan, La Palma uharteko Atletico Paso taldea izan zan aurkaria. Talde bizkaitarrak bapezna bardindu eban Kanariar Uharteetan eta 1-0 irabazi eban Lasesarren. Ostean, Orihuelaren aurka aritu da Barakaldo. Alacanten 3-1 galdu eta gero, 2-0 irabazi eban Lasesarren aurreko astegoienean. Ondorioz, kanporaketa luzapenera joan zan. Halanda be, ligan Barakaldoren postua hobea izan danez, igon dan taldea Barakaldo izan da.

Lau talde bizkaitar

Aurtengo denboraldian egondako emaitzak dirala eta, Bizkaiko lau talde izango dira hurrengo denboraldiko Lehen Federazinoan. Amorebieta, Barakaldo, Bilbao Athletic eta Sestao River maila berean izango dira 2024-2025 denboraldian. Beraz, derbi ugari eukiko doguz hurrengo hilabeteetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular