
Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Basquetxok jaialdia, Japan Weekend dalakoa eta Txitxiburduntzi eguna nabarmendu doguz.
Barikua
Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta astegoien osoan zehar luzatuko da Basquetxok jaialdia Balmasedako Horkasitas jauregian. Ganera, Getxo Live jaialdia be eukiko dogu astegoien honetan. Hain zuzen be, musikaren esparruan, Los Secretos taldeak kontzertua eskainiko dau Santurtziko Serantes Kultur Aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Bestalde, Jon Maiaren Kantu berri bat gara protagonista izango da Ermua Antzokian, 20:30ean.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, Japan Weekend dalakoa hasiko da Barakaldoko BEC!-en. 14:30ean, bertsolaritza izango da protagonista Errigoitin. Izan be, bertso bazkaria eukiko dabe Nerea Elustondo eta Arkaitz Estiballes bertsolariekaz. Goiz-eguerditik arratsaldera goaz. Arratsaldeko 18:30ean Mungiako Olalde Aretoan, ‘Amama’ ikuskizuna ikusi ahalko da. Musikari jagokonez, gaueko 21:00etan Bilboko Santana 27an, Pignoise taldearen kontzertua izango da.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Esaterako, Txitxiburduntzi eguna ospatuko dabe domeka honetan geure lurraldeko txoko desbardinetan. 12:30ean, Serantes Kultur Aretoan, Elara, bidaia bat izarretara obra ikusi ahalko da. Arratsaldean, 16:30ean, Barakaldo Antzokian, Texturas antzezlana izango da protagonista. Azkenik, Bilboko Arriaga Antzokian, Haizeak omenaldian izeneko kontzertua eskainiko dau Bilboko udal musika bandak, 20:30etan.