Miren Larrea Zornotzako antzerkigile eta txotxongilo-sortzailea da, eta Anita Maravillas konpainiaren ardatzetako bat. Hogei urteko ibilbidean, konpainiak erreferente bihurtu dau txotxongilo-antzerkia euskal eszenan, sormen propioa, poesia bisuala eta gai sozialak buztartuz. Orain, Andereño lanagaz heldu jake aitortzarik handienetako bat: Max sarietarako hiru izendapen lortu ditu, euskal ikuskizunen artean nabarmenduz. Larreak azaldu dauenez, une hau “gogotsu eta ilusinoz” bizi dabe, eta ekainaren 1eko gala begi onez eta emozinoz itxaroten dabe.
Andereño lanak memoria historikoa, gerrea eta hezkuntza gurutzatzen ditu umeen begiradatik. Obraren abiapuntua Bizkaiko portuetatik ihes egin eben umeen irudi gogor eta inpaktanteetan dagoela kontau dau Larreak: “Irudi inpaktanteak iruditu jakuzan Bizkaiko portuetatik ihes egin eben umeena, eta horren harira egin genduan”. Familia publikoari begira sortutako antzezlana izan arren, helduak be erakartzen ditu, eta publiko mota biek modu desbardinean baina sakon bizi dabe kontakizuna. Umeen presentziara egokitzeko, gainera, berba batzuk moldatu egiten ditue, mezua edade guztietara modu egokian heltzeko.
Anita Maravillasen berezitasunetako bat txotxongiloen bidezko kontakizun indartsua da. Larrearen esanetan, “titereak iruditegi propioa emoten dabe”, aktoreak eszenan egon arren, objektuak eta panpinak bihurtzen dira kontakizunaren benetako protagonistak. Horrek ikuslearen irudimena beste leku batera eroaten dau, antzerki molde tradizionalek lortzen ez daben moduan. Hamarkada biko ibilbidean, ganera, beste diziplina batzuetako sortzaileakaz lan egitea giltzarri izan dala azpimarratu dau, sormen proiektua bizirik, aberats eta etengabeko bilakaeran mantentzeko. Maiatza amaieran alde batera itxiko dabe 2023tik Estadu osotik eroan daben Andereño lana, eta abentura barri bati ekingo deutsie konpainiatik. Aurrerapen handirik egin barik, bizkaitar ‘bandolero’ baten istorioa ardatz izango dauan antzezlana urrian estreinauko dabela azaldu deusku Larreak.
