
BBK Landa Eremu Art ekimenaren hirugarren edizinoa jarri da abian Mungian. BBKk eta Kultibak alkarregaz antolatutako ekimena da BBK Landa Eremu Art. Orain arte Zallan eta Erandion egin da. Zallan, Asier Perez artisteagaz izan zan eta Erandion, Pablo Astrain muralgileagaz. Hirugarren honetan Itxaso Diez zinemagileak zuzenduko dau. Arrakasta handia izan dau ekimenak orain arte. Kultibatik, Alex Ygartuak esan deusku, kulturea erronka desbardinei aurre egiteko balio leikela erakutsi dabela. Aukeratua dan herriko pertsonak gonbidatzen dabez BBK Landa Eremu Art ekimenean parte hartzen. Mungian, 15 lagun animau ziran aurreko astean egindako aurkezpenean. Parte-hartzaileen perfila oso anitza dala azpimarratu dau Ygartuak. Batzuk aukeratutako diziplineagaz loturea daukie, baina beste batzuk bat bera bez.
Emaitzea datorren urterako
Itxaso Diez Gallartakoa da, baina urte asko egin dauz Mungian bizitzen. Orain, herritarrak entzutea da bere asmoa. Batutako materialagaz gida bat sortuko dau. Ikus-entzunezko tailer kolaboratiboak egin izan dauz Diezek eta holangoak egingo dauz Mungian be. Datozen asteetan hasiko da. Itxaso Diezek 2026ko martirako aurkeztuko dau BBK Landa Eremu Art ekimenaren barruan sortutako bideo formatoko gidea.