Bea Ilardia abogaduarentzat prebentzinoan eta kontzientziazinoan egin behar da lan handia, orain 10 urte Sanferminetan gertatu zan talde bortxaketa kasuak ez errepikatzeko. 2016. urteko garagarrilaren 7ko goizaldean izan zan gertaerea Iruñean. Sevillako bost gizonek, La Manada izenagaz ezagutzen zirenak, 18 urteko Madrileko neska gazte bat bortxatu eben Iruñeako atari baten. Handik urte bira etorri zan epaiketea. Nafarroako auzitegi probintzialeko epaileen sententziak polemikea eragin eban gertaerea ez ebalako bortxaketa modura hartu. Sexu abusu edo gehiegikeria izan zala esan eben. Bea Ilardia abogadua genero indarkeria kasuetan aditua da. Azaldu deuskunez bortxaketa edo abusua izan dan kontsideretako, indarkeria egon behar da. Nafarroako auzitegi probintzialeko epaiari helegitea jarri eutson biktimeak eta Nafarroako epaitegi gorenak emon eban bigarren sententzia, kasu honetan bortxaketea kontsideratuz. Kasu honek, Bai, bakarrik da bai modura ezagutzen dan legea sortzea ekarri eban. 2022. urtean onartu zan hain zuzen. Honek be eragin eban zeresana, zigor batzuk murriztu egin ziralako. Bea Ilardiarentzat, arau barria ona zan, baina legearen interpretazinoan egon zan arazoa. Ondorioz, fokoa barriro be jartzen da emakumeengan, honeek gertaeraren aurrean ze jarrera izan eben argitzera behartuz, besteak beste.
Gakoak
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, Bea Ilardia abogaduak dino, prebentzinoan eta kontzientziazinoan dagoala gakoa. Baliabide gehiago behar dira bere ustez. Ultra-eskumaren gorakadaren aurrean adi egon behar garela dino Ilardiak, bere diskurtso anti-feministea ikusita. Bere esanetan, jaiak ez dira parentesi bat, jaietan zein bestelako eremu edo girotan be gertatzen dira emakumeen kontrako erasoak. Ilardiarentzat, garrantzitsua litzateke era berean, justizia arloan genero ikuspegia bermatzea. Ezinbestekotzat jotzen dau azken hau.
