Lekeitioko Atabaka kultur alkartea indusketa arkeologikoak egiten dabil Garraitz irlan

Aranzadi Zientzia alkartearen zuzendaritzapean egingo dabez lanak gaur, bihar eta etzi

Bederatzigarren urtez arkeologia indusketak Garraitz irlan

2015ean hasi ziran Atabaka Kultur alkartearen ekimenez eta Aranzadi Zientzia alkartearen laguntzeagaz, Garraitz irlako indusketa arkeologikoak egiten. Zortzi urte hauetan Lekeitioko irlearen historia deskubriduten eta azaleratzen ibili dira. Aurten, abuztuaren 14tik 16ra bederatzigarren kanpainea egingo dabe.

Aranzadi Zientzia alkarteko kide dan Alfredo Moraza arkeologoak zuzenduko dauz indusketa lanak. Boluntarioak auzolanean aritzen dira. Gaur, 55 inguru batu dirala esan deusku Guillermo Ruiz de Erentxun Atabaka alkarteko kideak. Indusketetan parte hartzeko ez da esperientziarik behar. Goizeko 09:00etan Garraitz irlan egoteagaz nahikoa da.

Arkeologia-lanen ondorio batzuk

Garraitz irlan egindako arkeologia lanek oso emaitza interesgarriak eskaini dabez irla txiki honen bilakaera historikoa ulertuteko. Esandako moduan, guztira zortzi kanpaina arkeologiko egin dira eta horietan Lekeitioko hiribildua sortu aurretik (1325. urtean) izandako giza-jarduerea frogatzen dabezan aztarna oso zaharrak aurkitu dabez. Aztarna arkeologikoen arabera, baselizea XIII. mendearen amaieran eginda egoan eta seguruenik leku horretan bertan. XVI. mendean frantziskotarren ordenari itxi eutsen irla eta 1617tik 1650era bitartean monje talde bat bertan bizi izan zan. Garraitz irlan hainbat ebidentzial material jaso dabez: eraikuntzerako burdinazko iltze ugari, zeramika zatiak… Bereziki nabarmentzen da txanpon kantidade handia. Txanpon horreen kronologia nahiko uniformea da (XIII-XV.mendeak) eta jatorri askotarikoak dira: Eskozia, Portugal, Frantzia, Brabanteko dukerria, Gaztela eta Leoi, Nafarroa…

Bisita gidatuak

Udan zehar Atabaka Kultur alkarteak Garraitz irlan bisitaldi gidatuak antolatzen dauz. Debalde dira eta gidariak Lekeitioko gazte bi dira: Olatz Plaza eta Unai Urkiaga. Gero eta jente gehiago animetan da bisita gidatuetan parte hartzen: Frantzia, Espainia, Belgika, Italia edota Alemaniako bisitariak, besteak beste. Irailaren 10era bitartean jarraituko dabe bisitak eskaintzen, marea behean dagoan bitartean.

San Juan Talako txiringitoa, barriz, Atabaka kultur alkarteak udan zehar zabaltzen dauan kultur gunea da. Garagarrilean zehar sei emonaldi antolatu dabez (rock, folk, dantza garaikidea, bakarrizeta musikatua) eta abuztuan beste bost programau dabez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude