Durangoko Azoka, anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa izango da aurten. Fantasia DA! lelopean abenduaren 6tik 10ra bitartean egingo da 58. Durangoko Azokan 170 partaide izango dira 248 erakusmahaitan. 265 ekitaldi eta 950 nobedade izango dira guztira: 689 liburu, 179 musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen.
Hasierako eguna eta ikasleen goiza
Bihar bertan San Agustin Kulturgunean eguerdiko 12:00etan inaugurazino ekitaldi ofiziala izango da. Horren aurretik, 10:30etan, Landakoguneak bere ateak zabalduko dauz arratsaldeko 20:00ak arte. Ordutegi bera mantenduko da zapatura bitartean. Domekan, nobedade lez, azokak bere ateak 18:00etan itxiko dauz (aurrekoetan baino bi ordu arinago). “Nobedadeak zuzenean eta egileen eskutik aurkezten dira eta egitaraua bihar bertan hasiko da. Onena bisitariak gure webgunean sartu eta egunerako plana egitea izango litzateke” azaldu deusku Beñat Gaztelurrutiak (Gerediaga Elkartea). Ikasleen goiza eguenean izango da. “Gaztetxo askok DAgaz daben lehenengo kontaktua ikastetxeen bitartez eukiten dabe eta ikastetxe askok erantzun dabe” azaldu dau Beñatek.
Komikiak, musikea eta liburuak
Komikien eta ilustrazinoen kopurua nabarmen hazi da. “Aurton lehenengoz komikigileak pasabide berean jartea erabagi dogu. Komikiak ikaragarri handitu dira eta harrera oso ona eukiten dabilz” zehaztu dau Gaztelurrutiak. Musika produktuen hazkundea be nabaria da, 2022an baino 38 ale gehaigo izango dira. “Harrigarria da musikea, digitalki, gero eta gehiago kontsumiduten dan honetan euskarri fisikoaren egoerea zein dan ikustea. Produzkinoaren igoerea paradojikoa da” zehaztu dau Gerediaga Elkarteko kidea.”Duragoko Azoka oasi bat da euskarri fisikoak urtenbide ona daukalako” erantsi dau. Liburuei jagokenez be euskal sorkuntza osasuntsu dago. Durangoko Azokarako, propio, argitalpen asko aurkezten dira baina 2023 hasierako produktuak be egongo dira ikusgai eta erosteko moduan.
Azokak egiten dauen kulturaren trasmisinoaz, DAren izaera nazionalaz, Kataluniako ekoizleez eta etorkizuneko Durangoko Azokaz be berba egin dogu Beñat Gaztelurrutiagaz.