Jon Irazabal omenduko dabe abenduaren 5eko inaugurazino ekitaldian

Abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan 933 nobedade egongo dira aukeran

Beñat Gaztelurrutia: “Euskerazko sorkuntza barik euskerak aurrera egitea gatxa litzateke”

Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga Elkarteko kudeatzailea) / Bizkaia Irratia

Aurton bost eguneko azokea barik lau egunekoa izanda, azokako egun guztiak jendetsuak izango dirala esan deusku Beñat Gaztelurrutiak (Gerediaga Elkartea) gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. “Eguenean ikasleei begirako goiza izaten da eta akaso hor arratsaldez azokea modu lasaiago baten bisitau ahalko da” esan deusku Gaztelurrutiak. Ikasleen goizan 40 ikastetxetako gazteek parte hartuko dabe azokako guneetan atondutako tailerretan.

933 nobedadeak 2024an zehar argituratutako lanak dira, horreen artean gehienak liburuak dira eta 200-300 artean diskoak. “Ilustratzaileei azokan leku handiagoa eskaini gurako geunskie, liburuetan gero eta ilustrazino gehiago dagoz, artelan ederrak dira. Ilustratzaileak garrantzia handia hartzen dabilz, itzelezko gauza politak sortzen dabez” adierazo dau Gaztelurrutiak. Gerediaga Elkarteko kudeatzailearen eretxian, kulturea euskaraz sortzeak norberaren pentsamenduari eta euskerari gaitasunari zuzenean eragiten deutse. “Euskerazko sorkuntza barik euskerak aurrera egitea gatxa litzateke” gaineratu dau Gaztelurrutiak.

Azokak, gura barik, izen propio bi dakarz: aurton hil dan Jon Irazabalena eta musikea iztea erabagi dauen Benito Lertxundirena. “Jonen heriotzeagaz Gerediagaren zati handi bat joan da, baina benetan gizateriak galdu dau, Jon Irazabal ziur asko Durangaldeaz gehien ekian pertsonea zan. Umezurtz sentiduten gara, aurtongo Durangoko Azokan merezi dauen omenaldia egingo deutsagu” nabarmendu dau Beñat Gaztelurrutiak.

Benito Lertxundiri jagokonean, Gerediaga Elkartea 60 urteren ostean musikea itzi dauen Orioko sortzaileari eskainiko deutson kinua prestetan dabil. “Benitok 6 hamarkadako ibilbidea egin dau eta Durangoko Azokak 6 hamarkada beteko dauz datorren urtean. Biena ibilbide paralelo bat izan da. Txalotzekoa da berak egindako ibilbidea eta kantuak gurekin geratuko dira. Bere erabagiak sorpresaz harrapau gaitu, baina tartetxo atarako dogu Benito Lertxundiri kinutxo bat egiteko” adierazo dau Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak.

Bestalde, aurton, lehenengoz, alkartasun kutxa bat sortu dabe. Partaide guztiek ez dabe arrakasta ekonomiko bera eukiten, eragile handiak eta txikiak beharrezkoak dirala uste dau Durangoko Azokak. Batzuen zama ekonomikoa alkartasun kutxa honen bitartez arindu gurako leukie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00