Elkar zigiluak, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak eta Antxeta Irratiak alkarregaz sortutako Paradisu zinema bekearen lehen fruitua da Benizze-ren diskoa. 28 proiekturen artean aukeratu eben Gasteizko musikariarena. Epaimahaiak Benizzeren “freskura, argitasuna eta konbentzimendua” azpimarratu ebazan.
Benizze Beñat Goitiaren proiektua da. 2022. urte amaieran kaleratu eban bere lehen diskoa, Benizze, eta orain Basati (Elkar, 2024) dakar. Beñat Goitiaren esanetan, “beka batek baliabideak emoten deutsuz, estudioa zure esku jartzen dau eta beste hainbat baliabide… Horrek emon eutsan beste dimentsino bat proiektuari. Nik argi neukan egin egingo zala, modu baten edo bestean, baina beka batek beste entidade bat emoten deutso proiektuari”.
Basati diskoa hamaika kantuz osotuta dago. Aurreko lanagaz konparauta, Basati diskoak “izaera agresiboagoa, dezente indartsuagoa eta askoz dantzagarriagoa” dala esan deusku arabar musikariak. Dantzarako, gau girorako musikea batu dauala nabarmendu deusku Beñat Goitiak Kantuka eta Kontuka saioan.