Jai Alai Winter Series hasiko dau gaur Gernikan. Xabi Barandikagaz eta Unai Lekerikagaz egin dogu berba

Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek Aritz Erkiaga eta Jon Zabala txapeldunen aurka hasiko dabe neguko txapelketea

Barandika eta Lekerika prest dagoz txapeldunei aurre egiteko

Barandika eta Lekerika, Bizkaia Irratian / Bizkaia Irratia

Urriko Azken Astelehena da gaur. Egun ederra, Gernikako neguko txapelketea hasteko. Jai Alai Winter Series dau izen ofiziala. Lehen partiduan, txapeldunak, batetik eta herriko pelotari bi, bestetik. Hasiera berezia, zalantza barik. Xabi Barandka eta Unai Lekerika herritarrakin izan gara berbetan Gernikatik egin dogun saio  berezian. Gogotsu dagoz biak txapelketea hasteko. Aurrean, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala igazko txapeldunak izango  ditue.

Partidu gogorra, hasteko

Partidu gogorra daukie gaur, txapelketea hasteko. Erkiaga munduko txapelketea irabazi barri dago. Finala Lekerikaren aurka jokatu dau, gainera. Erkiaga eta Lopez, Goikoetxea eta Lekerikaren aurka. Espainiako selekzinoagaz jokatu dabe. Hurrengo munduko txapelketan, barriz, emoten dau euskal selekzinoagaz jokatzeko aukerea eukiko dabela. Barandikak eta Lekerikak pozik hartu dabe barri hori. Gaurko partiduan ikusi egin beharko da herrikoak ala txapeldunak diran gehiago. Barandika eta Lekerika, Erkiaga eta Zabala txapeldunen aurka.

Arrakasta handia

Jai Alai Winter Series txapelketea, Gernikako negukoa, oso indartsu hasi zan igaz. Bigarren aldi honek be arrakasta handia lortu dau. Sarrera guztiak salduta dagoz gaurko. Txapelketa osorako be, bono asko salduditue. Neguko zesta punta aldia Ameriketan jokatzen izan da orain arte. Daniako frontoia itxi ebenean, barriz, Euskal Herriak hartu dau txandea. Hartu be, ondo, gainera.

Bikote bi gehiago

Aurten igaz baino bikote bi gehiago sartu dira  txapelketan. Guztira, zortzi bikote, moltso  bitan banatuta. Moltso batean dagoz Erkiaga-Zabala, Barandika-Lekerika, Olharan-Basque eta Urrutia-Aimar. Azken bikote hau, Berriatuko Txapelketea irabazita sailkatu  dira. Beste moltsoan, Beaskoetxea-Lopez, Goikoetxea-Etcheto, Tambourindeguy-Minvielle eta Johan-Del Rio. Ikuskizuna ziurtauta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular