Irratian lan egiteak gauza on asko emoten deutsoz egunero ikasi eta besteen ikuspuntua ezagutu gura dauanari. Dana izan leike ikasteko atxaki bat eta ia edozeinek dauka zeozer interesgarri irakatsi edo erakusteko. Baina badagoz batzuetan pertsona bereziak eta askotan kostetan da alkarrizketari amaierea emotea. Normalean esperientzia eta estropezuak izaten dira geure irakaslerik onenak, baina horrela izateko oinarri bat behar dogu.
Oinarri horreetako bategaz berba egiteko aukera izan dogu gure estudioan, baina seguru berak ez dauala hori onartuko eta ganera, bere esanetan, sormenak ikasitakoa hautsi behar dau. Gaur Alfonso Guilló musikariagaz berba egiteko aukera izan dogu. Baina musikaria dala esatean, beste hainbat gauza geratzen dira esan barik; euskeraren aldeko militante sutsua, irakaslea, bajujolea eta abeslaria be bada, esan geinke esperientziaren abotsa dala.
Euskerazko rock musikaren aitzindaria, 70ko hamarkadan hasi zan bere abestiak konposatzen eta Koska rock taldearen sortzailea izan zan. Gaur egun Alguillo eta Alkimistak taldeko abeslari eta bajujolea da, sortzailea be, eta euren azkeneko abestiek —Izua eta Hor, Zelatan— inoiz baino indar gehiago daukie. Erritmoa, melodia, eta letraren aldetik gaur egungo errealidadearen ganeko hausnarketa lez hartu geinkez eta gure eretxi apaletik, erpin guztietatik erakargarriak dira, zalantza barik.
Gauza askoren inguruan berba egin dogu alkarrizketa luze honetan, eta batzuk aurreratu geinkez, amu moduan, baina bakarrik esango dogu berezia izan zala beragaz berba egitea, asko disfrutau gendula eta entzule kopuruak ez leukela arrakasta neurtu beharko.
