Abaraska taldeak sortu dau

Euskal idazle eta irakurleen topagune barria da

Berrehun lagun inguruk egin dabe bat Paperjale.eus sare sozial barriagaz

Abaraska Taldearen logoa / Bizkaia Irratia

Berrehun erabiltzaile inguru daukaz literaturaren ganeko Paperjale.eus izeneko euskal sare sozial barriak.
Hilea be ez daroa abian euskal idazle eta irakurleen topagune barri honek. Abaraska taldeak sortu dauan sare soziala da Paperjale.eus. Dabid Martinez, taldeko kideak esan deuskunez, talde horizontala da eurena. Software librea eta euskara garatzea da euren asmo nagusia.

Fedibertsoa

Paperjale.eus-ek BookWyrm izeneko software librea darabil. Honakoa, Fedibertsoaren parte dan irakurketa sozialerako plataformea da. Fedibertsoa barriz, hainbat protokolo libre eta irakien bidez, euren artean konektatuta dagozen webguneen eta zerbitzuen sare deszentralizatua da. Protokolo horreek plataforma desbardinen arteko komunikazinoa eta alkareragina ahalbidetzen dabe, zerbitzari zentralizatu baten beharrik barik.

Izena emon behar

Paperjale.eus-en helburua, gune seguru bat sortzea da, alkar-eragina eta loturak sortzeko bide batez. Irakurzaletasuna sustatu nahi da, literaturea maite daben pertsonentzako gune segurua eskaintzea eta euskal idazleentzako eta irakurleentzako interneteko topagune bat eskaintzea. Sare sozial barri honen bitartez, erabiltzaileek, liburutegi pertsonala online sortu eta mantentzeko aukerea daukie, irakurketak erregistratzeko, liburuak puntuatu eta iruzkintzeko edo beste erabiltzaile batzuk jarraitzeko. Guzti horretarako, izena emon behar da aurretik. Orain arte, paperjale.eus sarean izena emon daben berrehun lagunen artean Mikel Alvarez Sarriegiren “Euskalia” lanak eragin dau zeresan gehien. Webgunea da paperjale.eus, ez da aplikazino bat. Ez dauka inolako helburu komertzialik eta doan erabili daiteke. Hori bai, proiektua diruz edo beste modu batera laguntzeko aukerak eskaintzen dira.

Abaraska taldearen gainontzeko ekimenak

Abaraska taldeak, Peertube.eus sortuta dauka bideoentzako, Pixelfed.eus argazkientzako eta Lemmy.eus foroentzako. Lehenengoa YouTuberen alternatibea litzateke eta bigarrena Instagramen alternatibea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular