Bizkaidendak-ek Euskaldendak-agaz alkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren bultzadagaz, Berriro plataforma aurkeztu dau. Fidelizazinorako plataforma digital aitzindaria da Euskadin, tokiko merkataritzearen eta zerbitzu pertsonalen lehiakortasuna indartzeko asmoagaz sortutakoa, plataforma handien eta merkataritza-gune handien aurrean. Euskadin jarduten daben txikikazko saltokiei, hurreko negoziei eta profesionalei zuzendutako proiektua da. Plataformak ez dau ohiko salmenta-prozesua ordezkatzen, baizik eta osotu egiten dau, denden eta bezeroen arteko hartuemona hobetzen daben fidelizazino-pizgarriakaz.
Sabin Arana Bizkaidendak-eko teknikariak Bizkaia Irratiaren azaldu dauanez, Berriro sektorearen eskaera baten ondorioz sortu da eta merkatariek eurek garatu dabe, tokiko merkataritzearen errealidade ugariak integratuz. Plataformari esker, bezeroek abantaila zuzenak lortuko dabez tokiko dendetan erosteagatik. Aranaren esanetan, hurrekotasunak eta tratu pertsonalizaduak balio erantsia eskaintzen dabe, eta Berrirok hori indartzeko aukerea emoten eutse merkatariei, modu erraz eta intuitiboan erabili daitekean tresna honi esker. Ganera, plataformak malgutasuna eskaintzen deutse merkatariei. Bakotxak bere fidelizazino-estrategia diseinau leike, establezimendu bakotxak erabagi leike zer sari edo deskontu mota eskaini gura deutsen bere bezeroei.
Lehen asteetako harrera oso positiboa izan dala nabarmendu dau Bizkaidendak-ek. Proiektua aurkeztu eta aste gitxira, ehun saltokitik gora batu dira plataformara. Momentuz, Bizkaiko eskualde bitan jarri dabe martxan: Arratia-Nerbioin eta Durangaldean, baina Sabin Aranak gaineratu dauanez, uda ostean, Erando, Leioa eta Txorierrira be zabalduko dabe.
Interesatuta dagozan merkatariek www.berriro.eus webgunearen bitartez emon leikie izena. Bezeroek be atari horretan sortu leikie kontua.
