"Aste Nagusian euskera nagusi" dinamikea jarri dabe martxan

Bilkuretan parte hartzen dabenen % 54k egiten dau euskeraz eta txosnetan jarten dan musikearen % 27 inguru da euskerazkoa

Bilboko Konpartsek Aste Nagusian euskerea nagusi izatea gura dabe

Bilboko Konpartsek eta GUKAk “Aste Nagusian euskera nagusi” dinamikea jarri dabe martxan, jaietan euskeraz egiteko aukerak handitzeko eta Aste Nagusia euskaldunentzako gune eroso eta segurua izateko. Maialen Gago Bilboko Konpartsetako kideak nabarmendu dau azken urteetan hainbat pausu emon dabezala euskerearen presentzia indartzeko.

Ekimenak jaietako bederatzi egunetatik harago joan gura dau, muntaketa lanetan eta urte osoan antolatzen diran jardueretan be euskerearen erabilerea sustatuz. Euskaldunek euskeraz jarduteko aukerea izateaz gain, hizkuntza ikasten dabilzanek be erabilteko espazioak aurkitzea da helburuetako bat.

Horretarako, Bilboko Konpartsek euren barruko hizkuntza-errealidadearen diagnostikoa egin dabe. Javier Arriaga konpartsetako kideak azaldutako datuen arabera, bilkuretan parte hartzen dabenen % 54k egiten dau euskeraz, txosnetan jartzen dan musikearen % 27 inguru da euskerazkoa eta kanpo-komunikazinoaren % 84 egiten dabe euskeraz.

Diagnostikotik abiatuta, konpartsek hurrengo urteetarako konpromisoak zehaztu dabez, euskerearen erabileran identifikautako hutsuneak beteteko. Era berean, Bilboko Udala eta ostalaritza zein astialdiko bestelako eragileak be inplikatzera deitu dabez, Aste Nagusian ez ezik, Bilbon be euskerazko astialdirako aukerak handitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00