Datuen emaitzek baieztatu besterik ez dabe egiten, Basauri kanpoko ibilgailuak hartzen dituan udalerria dala

Sagarrak Ekologista Taldeak Agirre Lehendakariaren kalean kokatutako radar informatibotik lortutako datuak aztertu ditu

“Bilbon Emisio Gitxiko Eremua martxan dagoanetik, Basaurin aparkatzea ohiturea bihurtu da”

Gabi Hernández Sagarrak Ekologista Taldeko kideak salatu dau Basaurin auto-trafikoak hazkunde geldiezina daukala, eta egoerea gero eta kezkagarriagoa dala. Agirre Lehendakariaren kalean kokatutako radar informatiboak jasotako datuen arabera, 2025ean 101.336 ibilgailu zenbatu dira, aurreko urtean baino %28 gehiago. Hernándezen berbetan, gorakada horrek argi erakusten dau Basauri kanpoko autoentzako “aparkaleku bihurtzen” ari dala, batez be, Bilbon ezarritako neurriak dirala eta.

Sagarrak Ekologistak taldearen ustez, aparkalekuen falta ez da arazo isolatua, baizik eta mugikortasun-politika oker baten ondorioa. “Aparkaleku gehiago egiteak ez dau arazoa konponduko, kontrara, auto gehiago ekarriko dauz”, azaldu dau Hernándezek, eta horretarako Anthony Downsen legea gogoratu dau. Gainera, nabarmendu dau Udalak ez dauela behar besteko pausurik emon mugikortasun jasangarria bultzatzeko, eta PMUS plana “tiraderan gordetako dokumentua” bihurtu dala.

Urtenbide modura, Sagarrak taldeak neurri zehatzak proposatu ditu, besteak beste, TAO sistema martxan jartea Basauriko biztanleei lehentasuna emoteko, kanpoaldean disuasino-aparkalekuak sortzea eta garraio publikoa indartzea, Basauribusa moduko ekimenekin. Hernándezen esanetan, premiazkoa da neurriak hartzea, bestela, trafikoak, kutsadurak eta zaratak herritarren bizi-kalidadean eragin zuzena izaten jarraituko dabelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00