Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Loiuko aireportuan Palestinaren aldeko flotillako kideen harreran jazotako istiluen inguruko balorazinoa egin dau: “Bihotzez sentitzen dot gertatu dana”. Zupiriaren berbetan, irudiek eta gertakariek oihartzun handia izan dabe, eta gainera “munduan zehar dabilz gertatutakoaren bideoak, eta ez gaitu toki onean uzten”, nazinoartean izan dauan oihartzuna kontuan hartuta.
Sailburuak azaldu dauanez, hasiera batean ez egoan aurreikusita segurtasun dispositibo berezirik martxan jartea. “Ez egoan pentsauta Ertzaintzaren dispositiborik, baina AENAk dei bat egin eutsien flotillako kideek aireportuko joan-etorriak oztopatzen ebezalako, baina ez ziran joan enbarazu egitera”, zehaztu dau. Horren harira, azpimarratu dau harrera-ekitaldia normaltasunez garatzeko prestaketa bereziak egin zirala: “Aurresku bat egoan prest, eta Ertzaintzak dantzariek non egin behar eben dantza eta guzti agindu eban; dana prest egoan istilurik ez egoteko”.
Zupiriaren esanetan, zabaldutako irudiek gertatutakoaren zati bat erakusten dabe. “Bideoetan ikusten da zenbait personen aldetik probokazino jarrera bat egon zala, eta horrek Ertzaintzaren erantzun desegoki bat eragin eban”, adierazo dau. Halanda be, azpimarratu dau ez dauala gertatutakoa zuritu gura: “Ez dot ezer justifikatuko, baina honek ondorioak izango ditu”.
Ildo horretatik jarraituta, Segurtasun sailburuak ohartarazo dau autoridadeareganako errespetua galdu egin dala, eta egoera horrek ondorio zuzena daukala bizikidetzan. Horregaitik, kezkatuta agertu da gaur egungo gizarte giroagaz: “Arazoa ez dago polizia ereduan, arazoa alkarbizitzan daukagu”. Bere ustez, Loiun jazotakoak hausnarketa sakona eskatzen dau, errespetua eta alkarbizitza indartzeko beharra agerian itxita. Beraz, arazoa alkarbizitzan dago. “Arazoa ez dago polizia ereduan, alkarbizitzan daukagu” adierazo dau Zupiriak.
Bero olatua
Bestalde, muturreko beroekin gabilz aspaldion, gaur alertan laranjan dagoeneko. Bero horrek era bateko eta besteko arazoak be eragin ditu orain arte, osasun arlokoak besteak beste. Dana dala, Segurtasun Sailaren barruan dago Euskalmet. Beraz, Segurtasun Saila arduratzen da abisuak emoteaz: “Euskalmetek ia 15 egun daroaz abisuak emoten. Osasun Sailak be gomendioak emon eta personak artatzen ditu. Beroaldiaren ondorioz, 72 persona artatu ditu Osakidetzak, 24 lagun dagoz erietxeetan eta 11 persona hil dira”.
