Segurtasunaren kezkak behera egin dau Soziometroan: bosgarren tokian dago

Sailburuak nabarmendu dauanez, aurton ez da hilketa matxistarik egon Euskadin

Bingen Zupiria: “Geure gizarteko zenbait taldetan jarrera totalitarioak ikusten dodaz”

Bingen Zupiria, Segurtasun sailburua / Bizkaia Irratia

Segurtasun gaiak aztertu doguz Bingen Zupiria Segurtasun sailburuagaz Bizkaia Irratian. Hasteko, segurtasunaren kezkak behera egin dau argitaratutako azken Soziometroan. Izan be, Delinkuentzia eta segurtasuna esparruan batutakoak bosgarren tokian dagoz: “Beste kezka batzuek gora egin daben neurrian egin dau segurtasunarena behera. Edozein kasutan, geure gizartean gai honegaz kezkatuta dagoan herritar multzo bat dago. Beraz, geure erantzukizuna horri erantzutea da“. Kontuak kontu, momentu honetan, etxebizitza da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lehen arazoa.

Urtea amaitzear gagozan honetan, sailburuak urteko balantzea egin dau geure sintonian. Zupiriak nabarmendu dauanez, aurton ez da hilketa matxistarik egon Euskadin, argi-ilunak egon arren: “Iaz baino hilketa gitxiago egon dira, indarra erabilita egindako lapurretak be jaitsi dira, etxeetan lapurreta gitxiago egon dira eta geure erkidegoan ez da ezelango hilketa matxistarik egon. Dana dala, iaz baino lesino gehiago egon dira burruketan eta emakume gehiago dira jasan dabezan erasoak salatu dabezanak. Horrek alde txarra dauka, noski, igoten doan zifra dalako, baina positiboa da geroz eta gehiago salatzea”.

Bitartean, Espainiako hauteskunde orokorrak egingo dira zemendiaren 29an. Horren harira, PPren kanpainako ekitaldi baten kontrako erasoa egin zan astegoienean Gipuzkoan, Vito Quilesen kontrako manifestazinoen ostean istilu larriak egon ziran Bilbon orain dala aste batzuk… gertakari ezbardinen inguruan hausnartu dau Zupiriak: “Geure gizarteko zenbait taldetan jarrera totalitarioak ikusten dodaz, oso arrikutsuak iruditzen jatazanak. Euskal antifaxistek beste persona batzuen kontra indarkeria erabilteko legitimidadea daukela sentiduten dabe. Ez da onargarria”.

Ganera, datorren astean izango da Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna. Horren harira, esparru honetan egindako lana nabarmendu dau sailburuak: “Ertzaintzak lan izugarria egiten dau. Esaterako, salaketak jaso edo egoera zaurgarrien barri izan ahala, hainbat persona mobilizetan dira kasuen jarraipen estua egiteko”. Aurretik esan dogunez, 2026an ez da hilketa matxistarik jazo EAEn.

Amaitzeko, udalerri batzuetako udaltzainek formazinoa Intxaurrondon egiteak be hautsak harrotu ditu hileon. Esaterako, Euzko Alderdi Jeltzaleak Andoaingo eta Tolosako alkateen dimisinoa eskatu eban horregaitik. Dana dala, EAJren ardurapean dagozan udal batzuetako udaltzainek be formazinoa Intxaurrondon egin dabela zabaldu izan da: “Eusko Legebiltzarrean udaltzainak eta ertzainak aukeratzeko prozesuak zelan egin behar diran erabagi zan demokratikoki. Beraz, joko-zelaia araututa dago eta danek egin behar deutsie men. Zenbait formazino Arkauteko Akademiaren ezagutzaren eta kontrolik gabe beste toki batean egiteak aitatutako joko-zelaia hausten dau“.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00