Karrantza eta inguruko abeltzain askok Bizkaia Esnean parte hartu gura dabe. Izan be, 30 abeltzainek kooperatiban modu zuzenean eta orekatuan behar egiten dabe, bitartekari barik. Horrek esne-behiak dabezan abeltzainei diru gehiago irabazteko marjina sortzen deutse. Karrantzan 2.700 biztanle inguru bizi dira eta eurakaz Bizkaiko mendebaldeko mendien paisaia osatzen kolore zuribaltzeko milaka esne-behi. Gaur Goizeko Izarretan irratsaioa Karrantzatik egin dogu.
“Korta baten abeltzain batek 10 behi edo 75 behi euki leikez, eta danei esne litroa bardin ordainduko deutsegu, hori beste marka batzutan ez da gertatzen. Kooperatibearen erabagi bat da, era honetara esplotazino handiak edo txikiak mantendu daitekez” esan deusku Bittor Hernandezek (Bizkaia Esnea). Baserriak mantentzeko abeltzainei prezio duina ordaintzen deutsela esan deusku Hernandezek eta era horretara be etekinak lortzeko modua dabela.
Goizean goizetik baserrietatik esnea Bizkaia Esneak daukan Karrantzako bildegira eroaten dabe. Esnea biltzeko leku horretan hiru gordailu handi dagoz, bi 100.000 litrokoa eta bestea 50.000 litrokoa. Esne hori gero kamioi handitan Soriara eroaten dabe esnea ontziratzeko eta gero banaketea handik zuzenean egiten dabe.
“Esnea nagusiki supermerkaduetan saltzen dogu, ostalaritzan be badaukagu diru-sarrera bat, baina gehien bat supermerkaduetan saltzen dogu. Neguagaz batera esnearen kontsumoak gora egingo dau laster eta urtaroek edaten dan esne motagaz loturea dabe. Udan erdigaingabetua gehiago saltzen da eta neguan esne osoa” azaldu dau Hernandezek.