Doako kontzertua eskeiniko dabe gaur Bilbon diskoa aurkezteko

'Egarria' dauka izena talde bilbotarraren hamaikagarren lanak

Bizitzeko, musika egiteko, jarraitzeko egarriz… Zea Mays taldea

Aiora Renteria / Bizkaia Irratia

Zea Mays taldearen hamaikagarren diskoa da Egarria. Bilbon sortutako taldeak 29 urteko ibilbidea dauka. Aiora Renteria, Piti Imaz, Ruben Gonzalez eta Asier Basabe laukoteak sortu eban Zea Mays eta kide bardinak jarraitzen dabe. Aiorak gaur esan deusku, alkar maite direla eta alkar zaintzen direla. Zortzi abesti barri daukaz lan barriak. Egarria izenburua dala eta, bizitzeko, musika egiteko eta jarraitzeko egarriz dagozala azaldu dau abeslariak. Aiora Renteria bera da abesti guztien berben egilea. Esan deuskunez, musikea sortzen dabe lehenengo eta ostean datoz bere berbak. Bizipenak eta sentimenduak dira ardatz, besteak beste, Aiora biluzik moduko kantuetan.

Grabazinoa

Egarria diskoa hiru estudiotan grabau dabe. Kantuak sortu ahala grabatu egiten dabez. Lehenengo biak, Zuekin Bada eta Dena Izotz izan ziran. Dave Izumi teknikariagaz grabau ebezan Inglaterran, The Magic Numbers edo Natalie Imbruglia modukoakaz ibilitako teknikaria. Bilboko Eten Estudio Sonoro gunean grabau ebezan maiatzean Gerra eta Maite Zaitut. Urtzi Iza, EzEzEz taldeko Eneko Ajangiz eta Alvaro Olaetxea izan ziran laguntzaileak kasu honetan. Azkenik, geratzen diran lau abestiak, Begiak Itxita, Egarria, Aiora biluzik eta Zurrunbiloan Urdulizko Tio Pete estudioan grabau dabez, Jose Lastraren laguntzeagaz. Taldearen 30. urteurrena datorrela eta, diskoaren azala berezia izatea gura eben eta lehenengoz agertzen dira taldekideak bertan. Iñaki Gonzalez Fortun diseinatzailearen laguntzea izan dabe eta taldekide guztiak begiak itxita agertzen dira azaleko argazkian.

Diskoaren aurkezpena

Diskoaren aurkezpena be izango da berezia. Doako kontzertua eskeiniko dabe gaur arratsaldeko seiretan Bilbon, Isozaki dorreen artean dagoen Bizikidetza plazan. Zaleakaz aurrez aurre egoteko gogoz eta pozik dagozala azaldu deusku Aiorak. Durangoko Azokan izango da Zea Mays taldea eta datorren urteko zezeilean hasiko da lan barria aurkezteko bira. Donibane Lohizunen, Atarrabian, Bartzelonan, Madrilen, Gasteizen eta Azpeitian izango dira lehenengo emonaldiak. Bilbon, maiatzaren 1ean joko dabe Santana 27 aretoan. 30 urte beteko dauz Zea Mays taldeak datorren urtean. Zelan ospatuko daben, aurrerago esango dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00