BISUBI Fundazioak antolatuta, sektorearen etorkizuneko erronka nagusiak aztertuko dira

Gastronomiako eta lehen sektoreko profesionalek, ekintzaileek, enpresek zein gizarte-eragineko ekimenek hartuko dabe parte

‘Bizkaia Gastronomika Summit’ topaketea martxan da Bilbon

300 profesional baino gehiago dagoz Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioan / DepositPhotos

Euskal gastronomia eraldaketa garai sakona ari da bizitzen. Negozio-eredu barriek, barrikuntzak, jasangarritasunak, belaunaldi-erreleboak eta gizarte-aldaketek goitik behera barritu dabe sektorea; eta ez soilik ekonomiaren arlotik, sukaldaritzak lotura estua eta zuzena daukalako lurraldeagaz zein pertsonekaz. Horregaitik guztiagaitik, Bizkaia Gastronomika Summit topaketea bultzau dau BISUBIk, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioak. Ekaitz Apraiz BISUBIko aholku batzordeko lehendakariak azaldu deuskunez, hitzorduak sektoreko hainbat eragile bilduko ditu gaur Bilbon.

Bizkaia Gastronomika Summit ekimenak helburu argi bat dauka hasieratik: Bilbotik eta Bizkaitik abiatuta, sektoreko eragileen artean hausnarketa eragitea, etorkizuneko gastronomia alkarregaz irudikatzeko hainbat alkarrizketa, mahai-inguru eta lan-saioren bidez. Izan be, helburu bera daben hainbat esperientzia, ibilbide eta proiektu jorratuko dira, elikaduraren bidez eragin positiboa sortzeko eta, bide batez, sektore barritzaileago, jasangarriago, inklusiboago eta geure lurraldeari lotuago bat eregiten laguntzeko asmoz.

Bizkaiko Sukaldarien Fundazioa

BISUBI, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioa, 2022an 89 sukaldarik sortutako Bizkaiko irabazi-asmorik bako erakundea da. Lau urte eskas geroago, 300 profesional baino gehiago atxiki jakoz proiektuari, eta bere sorrerako misinoen artean lurraldeko gastronomiaren defentsa dago, garapen ekonomikoaren nahiz eraldaketa sozialaren bektore estrategiko gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00