
Bizkaia Txuri-Urdin alkarteak bere hamargarren urteurrena ospatu dau aurten. Talde hau ez da ohiko peña bat, askoz gehiago da. Realarekiko maitasunak lurralde arerio baten be sustraiak sortu leikezala erakusten dauan adibidea da, sentimenduaren, bizikidetzaren eta identidadearen erakusle. Alex Etxaburu kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, alkartea Realak Bilbotik Anoetara autobusak antolatzen ebazan garaian sortu zan. “Autobuseko bidaia horietako baten piztu zan ideia, eta pixkanaka gauzatzen hasi ginan” gogoratu dau Etxaburuk. Bera izan zan alkarteko lehenengo presidentea. Hasierako bilerak Basauriko taberna baten egiten ziran, eta handik gitxira Deustuko txoko bat lortu eben alkartea sendotzeko. Zortzi urtetan alkarteko kideen topagune izan zan. Pandemiagaz batera, baina, txokoaren erabilerea nabarmen jaitsi zan eta lokala iztea erabagi eben.
Gaur egun Bizkaia Txuri-Urdin taldeak 40 bazkide inguru daukaz. WhatsApp talde bat daukie, eta astegoienetako partiduaz harago, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dabez. Joan dan apirilean hamargarren urteurreneko bazkaria egin eben Donostian, eta Realeko hainbat jokalari ohik parte hartu eben. Etorkizunera begira, orain arte lez segidutea itxaroten dabe Bizkaia Txuri-Urdin taldekoek.