Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak, Laboral Kutxagaz alkarlanean, Bizkaian sokatira landuz proiektua sortu dau. Bizkaiko ikastetxeetan sokatira sustatzea eta belaunaldi barrian artean tiratzaileen harrobia sortzea dau helburu ekimen barri honek.
Joseba Etxebarria Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioko kirol zuzendariak Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez, nazinoartean lehiatu diranean konturatu dira beste herrialde batzuetako taldeek oso maila handia daukiela, eta harrobia be badaukiela. Eta bertoko errealidadea ikusita, harrobia sortzeko eta sendotzeko beharra ikusi dabe. Proiektu honegaz bizkaitar gazteak sokatirara hurreratu gura dabez.
Ikasturte honetan Bizkaiko Abadiño, Gaztedi eta Goiherri taldeek parte hartuko dabe proiektuan. Talde honetako tiratzaileek sokatira ikastaroak eskainiko dabez inguruko herrietako ikastetxeetan, 12 eta 18 urteko ikasleen artean. Holan, Abadiñoko taldekoak Abadiñoko Institutuan, Kurutziaga ikastolan eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutuan izango dira; Laukizko Gaztedikoak Larramendi Ikastola, Mungiako Institutua eta Lauro Ikastolan arituko dira; eta Erandioko Goiherrikoak, barriz, euren inguruko beste hiru zentrotan.
Ganera, 2024/25 ikasturtea amaitzean, sokatiraren jai handi bat antolatzea aurreikusten da, ikasturte honetan proiektuan parte hartutako ikasleek lortutako trebetasuna erakutsi, lagunartean lehiatu eta belaunaldi barrian artean sokatirarako zaletasuna sortu dagien.
Joseba Etxebarriak gaineratu dauanez, proiektu barri hau jarraitzeko asmoz sortu dabe, eta hurrengo ikasturteetan ekimena Bizkaiko beste toki batzuetara zabaltzea aurreikusten dabe. Holan, 2025erako Bizkaian Sokatira Landuz proiektua Gernika-Lumoko ikastetxeetara eroatea itxaroten da, herri kirolak, euskal pelota eta arrauna sustatzen dauan Sustabiz Fundazioaren bitartez.