Egun osoko egitaraua antolatu dabe

Maiatzaren 25ean izango dira

Bizkaiko eskolarteko eta taldekako bertso txapelketen finalak Arrigorriagan

Igorreko kanporaketea / Bizkaia Irratia

Bertsozaleek hitzordua daukie Arrigorriagan maiatzaren 25ean. Alde batetik, Bizkaiko Eskolarteko txapelketaren finala izango da eta bestetik, Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketaren finalaurreko eta finala. Egun osoko egitaraua antolatu dabe. Goizean, eskolarteko idatzizko txapelketaren finala izango da, bat-bateko finala gero, bazkaria eta ostean Bizkaiko Taldekako finalaurrekoak eta finala jokatuko dira. Arrigorriagako eskolan izango da lehenengo saioak. Taldekako lehenengoa be bai. Gainontzekoak Arrigorriagako kaleetan izango dira eta taldekako txapelketaren finala Elizondo jatetxean izango da.

Eskolartekoa

Eskolarteko txapelketan hiru kanporaketa izan dira. Puntu gehien batu dabezan zortzi bertsolari arituko dira Arrigorriagan; Aiala Irurtia, Ekhi Zuluaga, Eider Fernandez, Enara Gallastegi, Garazi Uriarte, Iradi Barrenetxea, Kelmene Abaitua eta Naroa Iturrioz. Naroa Jaio be sailkatu da baina ezin izango da finalean aritu.

Taldekakoa

Taldekako txapelketako kanporaketak martiaren 15tik maiatzaren 3ra bitartean egin dira. Zortzi kanporaketa guztira. Honeen irabazleak zuzenean igaro dira finalaurrekoetara. Horrez gain, bederatzigarren talde bat zozketaz erabagi da. Maiatzaren 25ean, Arrigorriagan, arratsaldeko lauretan hasiko da lehen finalaurrekoa. Arrigorriagako eskolan izango da. Gainontzeko biak, bost ta erdietan eta zazpiretan, Arrigorriagako kaleetatik egingo dira. Azkenik, finala, gaueko hamarretan, Elizondo jatetxean izango da. Pirata, Troiako zaldia, Zapatilapeko Txikliek, LauBuru, LeartiBai+, Zornotzako Bertso Oskola, Durangalduek, Far West eta Taket taldeak arituko dira Arrigorriagan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular