Burdinolen XVII. Ibilaldia egingo da urriaren 5ean Muskiz eta Sopuerta artean

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek oinezko ibilbidea antolatu dabe domekarako

Bizkaiko meatzaritzaren iragana ezagutzeko ibilaldia

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Burdinolen XVII. Ibilaldia-Meatzaritzaren paisaiak‘ oinezko ibilbidea antolatu dabe urriaren 5erako. Aurten, ibilbidea aldatu dabe, eta Enkarterrietako mendietako meatzaritza izango da ardatza.

Ainara Arranz Enkarterrietako Museoko Hezkuntza saileko arduradunak azaldu dauanez, ibilbide barriak 27,5 kilometroko luzera izango dau, zailtasun apur bategaz. Burdina garraiatzen eben bide zaharretatik eta industria-iraganak itxitako meategien arrastoetatik igaroko dira. Bidean, Mello mendia, Alengo meatze-barrutia eta bertako meatze historikoak (Sorpresa, Maria, Cecilia eta Amalia Juliana) zeharkatuko dabez, baita mineral-kargategiak eta burdinolen hondakinak be. Parte-hartzaileek goizeko 09:00etan urtengo dabe Muskizko San Juan plazatik, eta amaitu, Sopuertako Abellanedan amaituko dabe, Enkarterrietako Museoan.

Parte-hartzea dobakoa da, baina aldez aurretik izena emon behar da Enkarterrietako Museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus). Antolatzaileek jasangarritasunaren aldeko apustua berretsi dabe: ez dabez plastikozko ontzirik banatuko, eta parte-hartzaileei ontzi berrerabilgarriak eroateko eskatuko jake hornitze puntuetarako eta iturrietarako. Ibilbidean hornitze hiru puntu egongo dira: 8,5 kilometroan —edaria—, 15 kilometroan —fruta eta barratxoak— eta helmugan ogitartekoak. Ganera, 14:30etatik aurrera, autobus anezkak Muskizera eroango dauz parte-hartzaileak, izena emon daben pertsona guztien bueltea bermatuz.

Bizkaiko Batzar Nagusiek azpimarratu dabenez, ekimenak Enkarterriko ondare historikoa, kulturala eta naturala zabaltzeko eta babesteko konpromisoa islatzen dau, herritarrak Bizkaiaren nortasuna eta bilakaera ekonomikoa azaltzen dauan ondarera hurreratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00