Guztira 21 euskal kirolarik parte hartuko dabe Parisko Joko Paralinpikoetan

"Getxon daukagun egoitzan entrenau dabe askok" esan dau Olatz Legarzak (Basque Team)

Bost bizkaitar gaur hasi diran Joko Paralinpikoetako lehian

Basque Teamek Joko Paralinpikoetarako aukeratutako irudia / Bizkaia Irratia

Atzo Maurice Ravel, Lapurdiko musikagilearen boleroa entzunda desfilau eben Joko Paralinpikoetan parte hartuko daben kirolariek. Gaurtik irailaren 8ra bitartean Euskal Herriko 21 kirolari hainbat modalidadetan lehiatuko dira. Horreetatik bost bizkaitarrak izango dira; horreen artean Asier Garcia saskibaloi jokalaria edo Raquel Mateo triatloilaria. Raquel Mateo mungiarraren kasuan Mungiako udalak pantaila erraldoia jarriko dau herrian Joko Paralinpikoetako triatloi probea zuzenean ikusi ahal izateko.

Basque Teamek 21 euskal kirolari paralinpiko horreetatik hamahiruri beka baten laguntzea emon deutse eta Olatz Legarzak (Basque Teameko koordinatzaileak) kirolariek dominaren bat lortzeko dabezan aukerei buruz berba egin deusku. “Ez dakit urrezkorik irabazi ahalko daben baina zidarrezkoa edo brontzezkoa lortuta be pozik” azaldu dau Legarzak. Kirolari batzuk euren bigarren edo hirugarren hitzordu olinpikoa izango dabe baina esaterako Amagoia Arrietaren kasuan bere lehenengo aldia izango da. “Badaukagu esperientziadun jendea eta beste batzuentzat dana izango da barria” azaldu deusku Basque Teameko koordinatzaileak.

Higinio Riverok, Iñigo Llopisek, Nahia Zudairek edo Asier Garciak Basque Team-ek Getxon daukan egoitza nagusian entrenau ahal izan dabe. “Irailaren 8ra bitartean, Parisen, guzti-guztiei jarraipena egingo deutsegu” gaineratu dau Legarzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00