Burdin Hesiko alkartasunezko mendi lasterketea hilaren 22an izango da Gamiz-Fikan. Hiru modalidade egongo dira: 37 km-ko eta 13 km-ko lasterketak, eta 13 km-ko martxea. Parte-hartzaileek belardiak, basoak, bunkerrak eta lubakiak zeharkatu beharko dabez. Zirkuituan Bilboko Burdin Hesiaren hainbat gune izango dira, eta boluntarioei eta birsortze historikoak jardungo dabenei esker, historia barriro bizitzeko aukerea izango dabe.
Bigarren edizinoko parte-hartzea egundokoa izango da. Izena emon dabenen artean, gizonezkoen artean, Alex Txikon ezaguna, Zaid Ait Malek ultramaratoi korrikalaria edota Aritz Egea gipuzkoarra. Emakumezkoen artean, barriz, Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia edota Ainara Urrutia mendi-lasterketetako euskal hautatzailea. Danetara, 950 parte-hartzaile izango dira. Dortsalak orain hiru aste amaitu ziran.
Eperlanda kultur alkarteak antolatuta, gaixotasunen ikerkuntzan laguntzeko ekimen solidarioa da honakoa. Probatik ataratako etekinak helburu humanitario bati emongo jakoz. Aurten Gurutzeta Ezkerralde ESIko minbiziaren eta gaixotasun kronikoen pediatriako arreta humanizatzera bideratuko da oso-osorik. Igaz, 2023an, Bartzelonako Vall d´Hebron ospitaleko Onkologia Institutuko sarkoma ikertzeko unidadera bideratu zan batutakoa. Ia 25.000€ bildu ziran.
Asier Larrabe Eperlanda kultur alkarteko kideak eta Ander Urra Gamiz-Fikako Kultura zinegotziagaz Burdin Hesiko lasterketaz egin dogu berba Herriz Herri saioan.