"Normaltasun giro apur bat emotea da helburua" esan deusku Lide Alvarez Chernobil alkarteko kideak

Apirilaren 25ean informazino-bilera egingo dabe Bilboko Bidarte udaltegian

Chernobil alkartearen deia: familia gehiago behar dira Ukrainako umeak udan hartzeko

Ukrainako gerra hasi zenetik hiru urte igaro diran honetan, Chernobil alkarteko Lide Alvarez-ek egoerea latza dala nabarmendu dau eta preminazko dei bat luzatu dau: udan haur ukrainarrei harrera egingo deutsien familiak behar dira. Alvarezek Lau Haizetara irratsaioan adierazo dauanez, eskoletan ez dago normaltasunik, elikadura eta osasun zerbitzuak eskasak dira, eta tentsino elektrikoak eta suteak gero eta ohikoagoak dira. “Egoerea gero eta gogorragoa da”, esan dau.

Chernobil alkarteak urteak daroaz kutsatutako eremutik datozan haurrei harrera egiten, baina azken urteetan gerra dala-eta, beste premina batzuk gehitu dira. “Normaltasun giro apur bat eskaintzea da helburua” azaldu dau Lide Alvarez. Harrera programearen bitartez, umeek atsedena hartu, osasuna hobetu eta jolasteko aukera izaten dabe, nahiz eta “burua Ukrainan izan, gorputza hemen egon”. Igaz ehun haur inguru hartu ebezan bertoko familiek. Aurten be helburu bera daukie, baina hondino ez dabe behar beste familia lortu. “Ez da kopuru jakin bat betetzea helburua, baizik eta ahalik eta haur gehienei laguntzea” gaineratu dau.

Interesa daukienek, Bilboko Bidarte Udaltegian egingo dan informazio bileran parte hartu leikie, bariku honetan, 18:30ean. Bestela, Chernobil alkarteagaz hartuemonetan jarri daitekez zuzenean. “Lehen pausoa informazioa jasotzea da. Hortik aurrera, bakoitzak ikusten dau bere momentua dan ala ez”, zehaztu deusku Chernobil alkarteko kideak. Alvarezek azpimarratu dauanez, alkarteak laguntza osoa eskaintzen deutse familiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00