Bizkaiko Bertsolari Elkarteak antolatuta Danon Plaza bertso zirkuitua eskeiniko da urrian zehar Bizkaian. Etzi hasita, eguenetan, bertso saio bi izango dira. Lehiarik bako saioak. Bertsolari gaztetxoek, gazteek eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalistek eskeiniko dabez. Bertsolari alkartetik Ander Elortegik azaldu deusku gazteei plaza handietan aritzeko aukerea eskeini gura deutsiela. Bizkaiko eskualde guztietako bertsolariek hartuko dabe parte Danon Plaza zirkuituan. 18 urtera bitartekoak batetik, eta 18 eta 25 urte artekoak bestetik. Eurekaz batera, Aitor Bizkarra, Xabat Galletebeitia, Txaber Altube, Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga eta Aissa Intxausti arituko dira. Larrabetzu, Markina-Xemein, Portugalete, Dima, Bermeo, Algorta, Bilbo eta Zornotzan izango dira saioak. Bakotxaren egiturea eta gai jartzaileak nortzuk izan, herri bakotxeko bertso-eskoleak erabagiko dau.
Gazteak saretuta
Danon Plaza zirkuituak jente gaztea bertso-saioetara hurreratzea ekarri leikela azpimarratu dau Elortegik. Bere esanetan, saretuta dagoz gaur egun. Larrabetzun, Plazako Aterpean egingo da saioa eguenean zazpi ta erdietan. Emile Zabala eta Peru Cristobal bertsolari gaztetxoak, Joseba Ortuzar eta Izaro Bilbao bertsolari gazteak eta Aitor Bizkarra arituko dira bertan. Markina-Xemeinen bestalde, Uhagon kulturgunean izango da saioa iluntzeko zazpiretan. Haizea Rotaetxe eta Malen Ibarzabal bertsolari gaztetxoak, Ixone Asategi eta Irune Basagoiti gazteak eta Xabat Galletebeitia eurekaz batera. Gainontzeko saioen egutegia eta informazino guztia bertsozale.eus webgunean.
