
Gaur Bizkaia Irratiaren mikrofonoetan, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak etxebizitzaren inguruko hainbat gai garrantzitsu aztertu ditu.
Etxebizitza hutsak
Etxebizitzearen arazoari aurre egiteko formula bat etxebizitza hutsak mogiarazotea izan leike. Azpeitiko udala izango da etxebizitza hutsei kanon bat ezarriko deutsen lehenengo udala. Alkateak esan barri dau jaubeei lehenengo Jaurlaritzaren Bizigune programea eskainiko deutsiela baina horri uko egiten badeutse hutsik daukien etxearen metro koadroko 10 euro ordaindu beharko dabela urtean; berbarako, 80 metro koadroko etxe huts bat eukiteagaitik 800 euroko kanona ordaindu beharko leuke.
Etxebizitza hutsen arazoari aurre egiteko Azpeitiko Udalak ezarri dauen kanonaren eredugarritasuna goraitatu dau Denis Itxasok. “Eredugarria da, zalantza barik gainera, besteak beste, bat egiten dauelako Etxebizitza eta Uri Agendearen sailagaz. Etxea merkadura aterako bitartekaritzea eta ikuspegi fiskala eskaintzen deutsoz Jaurlaritzak jaubeari etxebizitza hori babesteko. Hori guztia eskainita be jaubeak etxea itxita eta hutsik eukitea erabagiten badau jaube horreei fiskalidade berezi bat ezarri behar jako etxebizitzak funtzino sozial bat daukalako” adierazo dau Denis Itxasok. Gaur egun EAEn 43.000 etxebizitza huts dagozala esan dau sailburuak.
Babes Ofizialeko Etxebitzak
Etxe hutsei ezarritako kanonetik harago babes ofizialeko etxebizitzak eregiteko ahaleginaz, eskaria eta eskaintzaren arteko desorekaz eta gazteei etxebizitza lortzeko abalei eta laguntzei buruz galdetu deutsagu Itxaso sailburuari. Sailburuak Getxon egiten dabilzan babes ofizialeko 122 etxebizitzen eraikuntzea azpimarratu dau. “Udalerrian etxebizitzaren prezioa altua izanik, esfortzu bereziak behar dira. Eskari eta eskaintzearen arteko desoreka larria konpontzeko, udalerriek lurzorua lagatzea ezinbestekoa da. Bilboko eta Galdakaoko udalek horri erantzun deutse eta beste hainbat udalek be bide horri heldu behar deutse etxebizitza gehiago eregiteko” azaldu dau Etxebizitza sailburuak.
Gazteen emantzipazinoa errazteko neurriak be berbagai izan dira alkarrizketan. Sailburuak jakinarazo dau gazteentzako abal sistemak eta lehen urteetako zerga pizgarriak abian jarriko dabezala, bai etxebizitza erostean bai alokairuan sartzean. Itxasoren berbetan horreek dira emantzipazino prozesuaren oztopo nagusiak.