Programa desbardinak dagoz alkarte bakotxean

Fekoor, Avifes eta Apnabi alkarteko ordezkariakaz izan gara

Desgaitasunak bai, baina bizitza independientea be bai

Desgaitasunak eta bizitza independientea / Dephositphotos.com

Gero eta gehiago dira Bizkaian, desgaitasunen bat euki arren, bizitza independientea egiten dabenak. Holan azaldu deuskue gaur, Lau Haizetara irratsaioan, Fekoor, Avifes eta Apnabi alkarteetako kideek. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz, honeetariko alkarte bakotxak, bere programa propioa dauka, pausu hau emoten ahalegindu gura dauanarentzat.

Bizinde, Etxebest…

Fekoor, gitxitasun fisikoa edo organikoa daukien pertsonen Bizkaiko Federazinoa da. Bizinde izeneko programea daukie, bizitza independientea egin gura dabenentzat. Honen barruan mentoreak daukiez. Honeek aholkuak eta laguntzea eskaintzen deutse bizimodu independienterako trantsizino-prozesuan dagozanei. Leire Indurain da mentorea. Esan deuskunez, auto-estima baxua eta harremanetarako zailtasuak izaten dabez normalean prozesuaren hasieran. Bere kabuz bizi ahal izateko enplegua lortzea izaten da kezketariko bat. Honen ganean, Leire Indurainek esan deusku, enpresetan oraindino beldurra dagoala holango pertsonak kontratetako.

Buruko gaixotasunak daukiezan pertsonei laguntzeko dagoan Avifes alkarteak bitartean, Etxebest izeneko programea dauka. Bakarrik, bikotekideagaz edo beste pertsona batzukaz ahultasun egoeran bizi diranei euren bizitza autogestionetan laguntzen deutse programa honen bitartez. Avifes alkarteko psikologea da Idoia Clemente. Esan deuskunez, Etxebest programan dagozanak pertsona autonomoak dira baina egunerokoan laguntzea behar dabe. Etxez-etxe eskaintzen dabe laguntzea bisitak eginaz eta telefonoz be eskaintzen dabe zerbitzua. 2013. urtean jarri zan abian Etxebest programea eta Avifesetik oso balorazino ona egiten dabe orain artekoaz. Erabiltzaileek euren autonomia berresten dala ikustea, aurrerapausu handitzat joten dabe.

Apnabi Bizkaia Autismo alkarteak be urteak daroaz, autismoa daukien pertsonen bizitza independienterako bideak errazten. Bertatik, Ainhoa Basarrate komunikazino arduradunak esan deusku, eredu komunitarioan oinarritzen dala euren programea. Zortzi etxebizitza daukiez gaur egun. Bizitza independientea egin ahal izateko, aurretik, Apnabik, entrenamendu eta formakuntzea eskaintzen deutse. Orain urrian hasi da beste edizino bat eta sei laguneko talde bi dagoz horretan. Behin etxeetariko batera bizitzera doazenean Apnabik jarraipen pertsonalizatua eskaintzen deutse. Apnabiren ereduak nazinoartean be errekonozimendua jaso dau. Laster, Cadizen aurkeztuko dabe euren eredua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00